Zegamako parketxean txondorra piztu dute
Zegamako Anduetza parketxean ikazkintzari eta basoari buruzko ekitaldiak antolatu dituzte udazken honetarako. Atxo txondorra piztu zuten, datozen asteetan bisita gidatuak eta tailerrak egongo dira eta azaroaren 11n txondorra itzaliko dute eta ikatza atera.
Anduetza parketxearen aurrean jaialdi berezia antolatu zuten atzo, txondorra piztearekin batera. Gainera, parketxean argazki erakusketa ireki zuten. Bertan txondorraren eraikitze prozesua ikusi ahal da, Joxe Ramon Agirre Marron-ek gidatuta.
Goizean zehar ikazkinen lan ezagutzeko bisita gidatuak izan ziren. Arratsaldean Zegamako plazatik txondorreraino kalejiran joan ziren, Tobera musika eskolako musikariekin. Txondorraren ondoan, Toberakoek eta Orkatz abesbatzakoek emanaldia egin zuten.
Ondoren ikazkintza ezagutzera eman zen: basoarekiko harremana, txondorraren eraikuntza prozesua eta ikazkinen bizimodua, besteak beste. Bukatzeko, txondorra piztu zuten.
Azaroaren 9a arte ikastetxe eta taldeentzat bisita gidatuak egongo dira. Gainera, tailerrak eskainiko dituzte. Bisitei eta tailerrei buruzko informazioa lortzeko edo izena emateko, bi telefono zenbaki hauetako batera deitu behar da:?943 80 21 87 edo 688 62 36 09.
Ibilaldia
Bestalde, urriaren 21ean Pago motzak, ikazkinen altxorra ibilaldia egingo dute Alvaro Ragon Ruano adituaren eskutik. Bukatzeko, azaroaren 11n txondorra itzaliko dute eta ikatza atera, jai giroan.