Tailerrak Legazpin eta Urretxun egingo dituzte eta izena Urola Garaia Mankomunitatean eman daiteke
2005etik Urola Garaia Mankomunitateak bailarako familiei Etxadiren aholkularitza zerbitzua eskaintzen diela. Ohiko arreta zerbitzuaz gain, tailer praktikoak antolatu dituzte 0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzat, non haurrak baikortasunean hezteko erremintak emango dituzten.
Familiei zuzendutako prestakuntza doakoa da eta Legazpiko Kultur Etxean urriaren 22an eta 23an egingo dute 18:00etatik 19:30era. Urretxun azaroaren 6an eta 7an izango da, 17:00etatik 18:30era. Bietan haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
Familia antolakuntza
Tailerrak Ainhoa Manzano eta Maialen Sanchez psikologoek emango dute, biak Etxadi Familia-Psikologia Unibertsitateko Zentroko kideak dira. Saioetan egungo familiaren antolakuntza landuko dute: funtzioak, ordezko zaintza, kideen inplikazioa, hezkuntza zentroarekiko harremana, lana eta aisialdia, zein gatazkak eta estresa. Halaber, haurren garapen psikologikoaren ezagutza eta estimulazioa jorratuko dituzte: jolasa eta ikaskuntza estimulatzeko materiala eskainiko dute, baita estimulazio linguistikoa eta motorra sustatzeko tresnak ere.
Izena 943 72 56 42 telefonoan edo mankomunitatea@urolagaraia.eus helbidean eman daiteke.