Eguraldiak lagunduta eta produktu berri askorekin egin da urriko hirugarren feria; arto opila, Nafarroako orburua, intxaurra, tripaki onddoa eto piper horia dira aipatzekoak.
Udazkena emankorra izan ohi da Euskal Herrian, bildu eta baldintza onetan gordez gero luzaroan iraun dezaketen jaki asko izaten da. Baita unean unekoak ere. Atzo ekarri zituztenak kontuan hartuta, zerrenda oparoa osatzeko moduan gara. Hala nola, intxaur berria, estimazio politeko jakia, eta urte ona izango ez deneko kontua ahoz aho baldin badabil ere, Juli Otegik esaten zigunez, «lehen bildutako hauek oso goxoak eta nahikoa ale politekoak eta beteak dira». Lehenak salgai dira, 5 euroan kiloa. Sagarrei buruz ere antzeko kontuak: «Iazkoarekiko lautik bat errezil da aurten, iazkoa apartekoa izan zen» zioen Jose Antonio Aizpuru errezildarrak. Arana eta gerezia ere oso gutxi izan dela oroitarazten zuen. «Aurtengoa egutegitik ezabatzekoa da», zioen Arantxa Zurutuzak, eta berezo baten esana ekarriz, «garai batean gose urtea izango zen hau» erantsi.
Piper mota berri bat ere bai, hori txiki pottolo eta trinkoa, «baina zein mota den ezin esan; landarea oparitu zidaten, eta hara emaitza». Patxi Arizmendi aramarraren hitzak dira. Ozpinetan sartzeko edota horrelaxe jateko ere aproposa zela era bazioen, «probatu eta jakiten da, horixe egiteko aukeran gaude». Kiloa 6 euroan da erosgai.
Bestalde, arto opila egiten hasi da Maite Iturbe Legazpiko okina, kiloa 6 euroan. Arto irin kiloa ere bertan erosi daiteke, 3 euroan. Oraindik lurrina zeriola ekarri zituen 6 bat opil.
Garaiaren beste markatako bat izaten da ehiza. Hilaren 12an ireki zela usoak ehizatu ahal izateko baimen epea eta, atzo ja Lasaren postuan ehun bat uso salgai ziren. Postu berean deigarri mikologia eskaintza izan ohi da, nahi eta ezinean gure inguruei dagokionez. Hala ere, eskaintza bada: onddo, gibelurdin, esnegorri, boilur, mendiko angula eta lehen tripaki
Hyndum repandum edo gamuzak aukeran.
Nafarroako orburuak
Plaza inguruan jarri ohi diren postuetan Nafarroako lehen orburuak ikusi genituen, 7,5 euroan dozena. Oraindik garaiz da eta luzez iraungo du produktu honek gure azoketan. Urtetik urtera aurreratzen ari da orburu garaia eta aurten bezain goiz ez dugu ikusi izan orain arte.