Bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute harrobiko txirrindularitzaren sustapena bermatzeko. Goierriko taldeak aurrera egiteko behar duen dirua jarriko du fundazioak
Igartzako jauregian ikusmin handia piztu zen atzo arratsaldean, Euskadi Fundazioak eta Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren ekitaldian. Txirrindularitza arloan lan egiten duten kazetari ugari eta eskualdeko txirrindularitza elkarteetako kide ugari elkartu zen bertan. Gorka Izagirre ormaiztegiar txirrindularia ere bertan zen.
Goierriko TBko Iñaki Telleriaren arabera, «ekonomikoki egoera larrian dago taldea, nahiz eta babesle onak izan, taldeak aurrera jarraitzeko zaitasunak dauzka ekonomikoki. Beraz, aukera bat zen taldea bertan behera gelditzea, edo laguntza eskatzea». Eta horixe egin dute: Euskadi Fundazioari laguntza eskatu.
Bi urterako hitzarmena
Euskadiko Fundazioko Mikel Landaren esanetan, «fundazioaren helburua harrobiko txirrindularitza bultzatzea denez, bi urterako lankidetza hitzarmena erabaki dugu». Honela, Goierriko TB taldeak datozen bi denboraldietan aurrera egiteko faltako zaion dirua jarriko du Euskadi Fundazioak. Landaren esanetan, «Goierriko TBk oso lan ona egin du eta ezin genuen beste aldera begiratu. Ezin ditugu 300 txirrindulari talderik gabe utzi».Telleriaren esanetan, «egonkortasuna» emango diote elkarlanak.