Garai bateko bizimodua islatzea du helburu Ataunen lau urtez behin antolatzen duten Ohitura Zaharren Egunak

Bi antzezle, Ohitura Zaharren Egunari lotuta egin duten antzerkian.
Bosgarrenez antolatu dute Ohitura Zaharren Eguna Ataunen: antzinako itxura hartu du herriak egun batez. Ataun girotzeko hainbat ekintza egin dituzte: hala nola, haurrentzako jolasak antolatu eta euskal musika jarri dute. Horretaz gain, talogileak ere bertan izan dira. Aurten, gainera, Juan Arinen jaiotzaren 125. urteurrena oroitzearren, haren inguruko antzerkia egin dute.
Herria, bestalde, 13 gunetan banatu dute, eta gune bakoitzak berezitasunak izan ditu. Sukaldean, esaterako, gazta egiten aritu dira. Iturrian, aldiz, antzinako moduan egin dute lixiba. Horretaz gain, ataungo 8 iturritako urak bildu dituzte, eta horri esker, hainbat pertsonak izan dute ura dastatzeko aukera.
Erosketak egiteko aukera ere izan dute bisitariek: bertako produktuak saltzeko hainbat postu jarri dituzte. Hori gutxi balitz, garai bateko kotxeak eta baserriko abereak izan dituzte ikusgai herrira hurbildu direnek. Eguraldiak ere, ataundarrak babestu egin ditu lau urtez behin antolatzen duten festari begira.