Bikuña kiroldegiko kanpoko igerilekuko estalkia berritzen ari dira. Otsailerako erabilgarri egongo dela dio Imazek. Futbol zelaiko harmailetan Realak emandako jarlekuak ipini dituzte
Iñigo Imaz udal gobernuko kirol zinegotziak Bikuña kiroldegian eta futbol zelaian egindako berrikuntzak eta martxan dauden lanak aurkeztu zituen, atzo, bertatik bertara. Lan guztien artean, azpimarragarriena kanpoko igerilekuaren estalkiarena da. Lanei hil honen hasieran ekin zieten eta otsailerako amaituta egongo direla aurreikusi du Imazek.
2007an egin zuten kanpoko igerilekua eta udan irekita dagoen arren, berotasunak ihes egiten zuenez ezin izan dute negu partean ireki. Estalki berria jartzen ari dira eta leihoetako kristalak ere aldatuko dituzte. Lehengo estalkiaren gainean jarriko dute berria, zaharrak berriari berotasunari eusten lagun diezaion. Lanok egiteko Legazpiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, 120.000 euro, eta aurrekontua, guztira, 270.000 eurokoa da. «Igerilekuak ez dauka sakonera handirik eta bestelako jarduerak egiteko toki ezin hobea izango da; errehabilitazioa, soinketak eta halakoak».
Bide batez, Imazek atzokoan Bikuña futbol zelaiko harmailetan jarritako eserlekuak erakutsi zituen. Orain arte hormigoizko jarlekuak zeuden, baina Realak Anoetan abian dituen berrikuntza lanen harira, Gipuzkoako futbol taldeei lehengo eserlekuak eskuratzeko aukera eman die.
Anoetako 300 jarleku
Hala, Ilintxaren eta Donostiako Udalaren bitartez, Anoetan egondako 300 jarleku iritsi dira Legazpiko Bikuñara eta «litekeena da gehiago ekartzea».
Beste berrikuntza batean lanean ari dira futbol zelaian. Harmailen beste aldean, espaloiarekin paraleloan dagoen korridorean jartzen diren ikusleak ez bustitzeko estalkia jarriko dute. Zati txiki batean jarrita dago jada, eta egunotan korridore guztian jartzeko lanak hasi dira.
Azkenik, kiroldegiaren eskuineko fatxadan eta atzeko aldean argiteria sistema jarri dutela erakutsi zuen Imazek. Legazpiarrek eskariari jarraiki egindako hobekuntza dela erantsi zuen.