Harresiz inguraturiko Seguraren maketa egin du Rafael Berasategi segurarrak. Erraztiolatza museoan ikus daiteke larunbat goizetan. Segurako «altxorra» balioan jarri nahi du
Rafael Berasategi segurarrak maketa berria jarri du ikusgai Erraztiolatza museoan, Segurako historia ezagutzeko helburuarekin. XIV. eta XV. mendeetako Segura egin du oraingoan.
XIV. mendean oinarritutako lan digital bat hartu du oinarri maketa osatzerakoan, baina «lan digital horretan azaltzen ez diren Torre Zaharra eta Nafarroako sarrerako zubi atea ere jarri ditut». Berasategiren esanetan, «zubia egiten zen ate bat zuen Segurak, Nafarroako sarreran. Lekurik gatazkatsuena izango zen. Ispilutxo bat jarri diot aurrean ikusteko». Bi sarrera nagusietako ateetan bina torre ere jarri ditu nahiz eta lan digitalean ez azaldu: «Hori ere dokumentatuta dago, eta aztarnak azaldu dira. Bi torre horiek Erret Bidea kontrolatzeko ziren, beheko eta goiko portaletan».
Garai hartan, 2 metroko zabalera eta 5 metroko altuerako harresiak inguratzen zuen Segura. «Kanpo eta barru aldetik harri landuzkoa, eta tartea, kare masarekin egindakoa. Erromatarrek erabiltzen zuten sistema zen». Bertan azaldutako iltze bat aurkitu du duela gutxi Berasategik; hori ere museoan du jarria.
Etxeen egiturari dagokionean, «aurreneko etxeak egurrezkoak ziren. XV. mende hasieran hasi ziren, diruaren arabera, aurreneko solairuan harria jartzen. Etxe gehienek baratzea zuten, harresi inguruan, gaurko egunean garajeak dauden tokian».
Gaur egungo plaza ez da azaltzen maketan, «Antonkalene aurrekoa baizik. Erdi Aroan leku ireki gutxi daude, etxe multzoaren kokagunea zen, harresiak inguratuta eta ahalik eta gehienak harresi barruan bizi ziren, segurtasuna izateko». Beste berezitasun bat ere ikus daiteke maketan: gaur egun elizako kanpandorrean dagoen tokian torrea egon zen 1740ra arte. 1744an eliza handitzen hasita zegoen, XVI. Mende bukaeran, torrea luzatu eta kanpaia jarri zioten».
Beste bi proiektu buruan
Berasategiren maketa kuttuna da azkeneko lana. Zazpi hilabetean egin du 1.600 x 800 milimetroko maketa. Beste bi txikiago egiteko asmoa dauka orain. «Segura altxorra da, eta segurar askok ez die balorerik ematen daukagunari».