Aralarko pisten alde egin duten politikariak babesteko mozioak aurkeztuko ditu ENBA-k
ENBA nekazari sindikatuak mozio bana aurkeztuko du Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietan. Enirio eta Igaratza arteko pistaren alde egin duten politikariei babesa agertu nahi diete, horrela.
Enirio-Aralar Mankomunitateak Inbertsio Beharren Plana eta plan hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko zein ekonomikoak onartzeko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bide eman zioten eskari horri, 2016ko abenduan. ENBAk gogorarazi duenez, “Enirio eta Igaratzako txabolen arteko bidearen egokitzapena Inbertsio Beharren Planaren zerrendan” jasota dago, eta horrenbestez, “Enirio Aralarko Mankomunitateak sustatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendu” duen plana dela deritzo.
Pista berria egiteko lanak pasa den irailean hasi zituzten, eta hasi orduko proiektua “auzibidean” jarria izan dela dio ENBAk. Hala, “Gipuzkoako Foru Aldunditik baimena bideratu duten ordezkari politikoak zein Mankomunitatean aldeko bozka eman duten ordezkari politikoak auzibidean jarriak” izan direla uste du ENBAk. Hori dela eta, udaletxeetan aurkeztuko duten mozioaren bidez, “baserritarron elkartasuna eta babesa” helarazi nahi diete proiektuaren alde azaldu diren ordezkari politikoei, haiekiko “errespetua eskatuz eta heuren aurkako jazarpen publikoa eta mediatikoa” gaitzetsiz.