Jazpana Fest jaialdiak 10. edizioa bete du asteburuan. Rock alternatiboaren munduko talde ezagunak bildu dituzte aurten ere, eta antolatzaileak gustura agertu dira.
Rufus T. Firefly taldea, kontzertuaren unerik gorenetako batean // Argazkiak: Meet me in the North
Jazpana Fest musika jaialdiak 10. urtemuga bete du, eta goitik ospatu dute asteburuan, kontzertu eta ekitaldi egitarau betearekin. Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina «hotzari ere aurre eginez, jende asko» gerturatu dela azaldu du Diego Gomez antolakuntzako kideak. Balorazioak egiteko goiz bada ere, «sentsazio oso onarekin» gelditu dira aurtengoa eta gero. Betiko filosofiari eutsita, «musika eskaintza handia eta maila gorenekoa» baita Jazpanak aurten ere ekarri duena.
Doinu rockeroak izan dira nagusi baina bestelakorik ere izan da, Aitor Etxeberria gernikarraren eskutik. «Proposamen oso berezia da berea, potentea eta iluna» adierazi du Gomezek. Gernikarrak bi emanaldi egin zituen; bere taldearekin lehena eta El Txefa DJbezala, aurtengo Jazpana itxi zuen larunbatean.
Olarius gogoan
Festa giroan murgilduta, aspaldiko lagunak oroitzeko tartea ere egin dute Jazpana Fest jaialdian. Izan ere, Jon Olano ‘Olarius’ beasaindarrari omenaldi txiki bat egin nahian, babarrun jana egin zuten. Kontua da, egun horretan bazkaria antolatzeko ohitura zuela Olariusek. Hori horrela eta ohiturari eusteko asmoarekin, 120 bat pertsona izan ziren bazkarian. Txikienentzako tailerrak ere izan zituzten Trakamatraka-ren eskutik.