Urretxuk eta Alemaniako Schwarzenbruck-ek harremana sendotu dute
Urretxurekin senidetuta dagoen Schwarzenbruck herriko 25 lagun Euskal Herrian egon dira egunotan. Ostiralean heldu ziren eta atzo Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendariaren bisita jaso zuten. Alemaniarrak ostiralean
Urretxurekin senidetuta dagoen Schwarzenbruck herriko 25 lagun Euskal Herrian egon dira egunotan. Ostiralean heldu ziren eta atzo Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendariaren bisita jaso zuten.
Alemaniarrak ostiralean heldu ziren Urretxura. Eguerdian ongi etorria egin zieten udaletxean eta arratsaldean Urretxu eta Zumarraga bisitatu zituzten. Larunbatean Bilbon eta Gernikan egon ziren eta Martin Zalakain ikuskizunaz gozatu zuten. Igandean, berriz, Getarian eta Donostian egon ziren. Urretxuko elkarte gastronomikoak ezagutzeko aukera ere eduki dute.
Atzo, Iker Goiria aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendariaren bisita jaso zuten. Goiriak eskerrak eman zizkien bi udalei eta bi herrietako bizilagunei senidetza sendotzeko egiten ari diren lanagatik. «Tankera honetako senidetzak oso garrantzitsuak dira guretzat. Senidetza hauek Europan zehar gure herriak posizionatzeko tresna garrantzitsuak dira. Ez bakarrik kultur arloan. Hori dela eta, Elkarrekin programa sortu dugu. Egitasmo honen helburua senidetza hauek finantzatzea da», esan zuen.
Eredugarria
Urretxuarrak eta alemaniarrak egiten ari diren lana eredugarria dela esan zuen. «Oso eredu ona da: 27 urte ditu eta aurrera doa. Besteentzat eredugarria da. Zoriondu egin nahi zaituztet lotura honetan sakontzeagatik», amaitu zuen.
Bernd Ernstberger Schwarzenbruck-eko alkateak eskerrak eman zizkien urretxuarrei. «Oso ondo pasa dugu. Esperientzia zoragarria izan da. Etortzen garen guztietan bezala, Donostia eta Bilbo asko gustatu zaizkigu», aipatu zuen.
Gernikako Arbola ikusteko aukera ere eduki dute. «Gure herrian Gernikako Arbolaren kimu bat dugu eta Gernikakoa baino handiagoa da!».
Lanean jarraitu nahi dutela esan zuen. «Luzaroan jarraitzeko oinarria dugu». Urretxu eta Schwarzenbruck elkarrengandik urrun daude, baina distantzia ez da oztopo. «Hego Tiroleko herri batekin eresenidetuta gaude eta hara joatea Urretxura etortzea baino askoz ere errazagoa da, baina garrantzitsuena harremana zaintzea da. Elkarteen jarduna oso lagungarria da».
Jon Luqui Urretxuko alkatea ere baikor azaldu zen. «Egun hauetan gauza askotan ados gaudela konturatu naiz. Senidetzak, landareak bezala, zaindu egin behar dira. Larunbatean, Gernikan, bertako zinegotzi batekin hitz egin genuen. Horrek ere fruituak eman ditzake. Gure aurretik jende askok lan egin du: Alfonso Cuestak, Urretxuko eta Schwarzenbruck-eko alkateek… Horiek guztiek egindako lanari esker gaude gaur hemen».
Datozen urteetan ere urretxuarrak Alemaniara joango direla eta alemaniarrak Urretxura etorriko direla aurreratu zuten. Alemaniarrek Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko antolatuko diren ekitaldietan parte hartuko dute eta urretxuarrek Schwarzenbruck herriaren sorreraren 1000. ur- teurrena ospatzeko antolatuko duten ekitaldietan.