Haurrek eta helduek parte hartuko dute, Bideluze plazan, 18:00etan hasita. Altuera jauzia, luzera jauzia eta hesiak egingo dituzte helduek. 21 atleta helduk hartuko dute parte
Rakel Barcenilla, Aitor Aldasoro eta Eneko Agirrezabal. Argazkia: Beasaingo Udala.
Pistatik kalera eramango dute atletismoa larunbatean Beasainen. Egitasmo horri esker, Txindoki Atletismo Taldea 2012tik ari da atletismoa herritarrei eta bereziki haurrei gerturatzeko ahaleginean. Aurreko urteetan Ordizian eta Lazkaon egin duten bezala, aurten Beasainen txanda izango da, udalarekin duen hitzarmenaren ondorioz.
Aitor Aldasaroren esanetan, «oinarrizkoa den kirol bat, atletismoa, pistatik kalera ateratzea da helburua, batez ere, haurrek ikus dezaten futbolaz eta saskibaloiaz gain, kirol gehiago ere badagoela». Aurrerantzean, hiru urtean behin egingo da kaleko atletismo erakustaldia Beasainen. Aurten Bideluze plazan egingo badute ere, aurrerantzean, Erauskin plaza eraberrituan egitea izango da asmoa Aldasorok aurreratu zuenez: «Pertika jauzia egiteko zuloa egitea ere aurreikusi baitugu bertan».
Bideluze, atletismo pista
Bideluze plaza atletismo pista bilakatuko dute, altuera jauzia, luzera jauzia eta hesiak probak egiteko egokituko baitute. Haurrek eta helduek izango dute parte hartzeko aukera: haurrek 18:00etan eta helduek 18:30ean. Haurrek egunean bertan eman ahal izango dute izena. Helduei dagokionean, 21 atleta daude izena emanda.
Kaleko erakustaldian lehenengo aldiz egingo dituzte luzera jauziak eta jauzi hirukoitzak. Txindokiko Eneko Agirrezabalen esanetan, «aurreko erakustaldietan pertika jauzia egin dugu eta oso ikusgarria izaten da. Baina aurten Beasainen ez denez horretarako aukerarik izango, luzera jauzia egiteko lekua egokituko dugu».
I. Atletismo erakustaldia: parte hartzaileak:
Altuera jauzian.
- Mutilak. Asier San Sebastian (Real SS), Julen Iruretagoiena (Atletico SS), Asier Corthay (Real SS), Mikel Matey (Super Amara Bat) eta Aingeru Martinez de Rituerto (Tolosa CF).
- Neskak. Garazi Larrakoetxea (Simply Scorpio 71), Irene Perez (Ria Ferrol -C.Arenal) eta Eunate Martinez de Rituerto (Tolosa CF).
Luzera jauzia / jauzi hirukoitza
- Mutilak. Iñigo Uribarren ( Real SS), Eneko Carrascal (Arrasate taldea), Alex Agiriano (Arrasate taldea), Igor Legarda (Real SS), Ander Iriarte (Grupoempleo pamplona atletico) eta Ander Svenson ( Txindoki A T).
- Neskak. Evelyn Diaz(Grupoempleo Pamplona atl), Leire Mendizabal (Txindoki at), Tessy Ebosele (CA La Blanca), Ane Loyo (CA La Blanca) eta Iratxe Arrizabalaga (CA La Blanca).
Hesiak
- Mutilak. Igor Legarda eta Asier San Sebastian.
- Neskak. Leire Tobar (Txindoki At), Ane Irribarria (Txindoki At) eta Laida Garmendia (Txindoki).