Bidean baztertutako jakinduria
Xendabelarrak proiektua jarri du abian Legorretako Udalak. Zura elkartearekin batera, hiru mendi ibilbide prestatu dituzte, sendabelarrak eta haien erabilerak ezagutzeko
Sendabelarren inguruko jakinduria ahoz aho pasatu izan da urte askoan. “Hainbat arrazoi tarteko, informazioa ahoz aho pasatu izan duen herria da gurea. Ez daukagu idatzizko produkzio handirik, baina garrantzia eman diogu kontaketari”. Antolatzaileek zehaztu dutenez, elkarrizketa bidez egin dute Xendabelarrak ekimena gorpuzteko dokumentazio lanaren zati handi bat. “Orokorrean, adinekoei galdezka aritu gara sendabelarrei eta bestelako natura ondareei buruzko informazioa eskuratzeko. Esaterako, Maria Josefa Lasari, Karmele Gaztañagari eta Maria Isabel Agirreurretari. Hiru horiek sendabelarren inguruko jakinduria handia pilatu dute euren amei esker”. Pauso gehiagoren hasiera Emakumeak dira dokumentazio lana osatzeko elkarrizketak egin dizkieten Legorretako herritar gehienak. Izan ere, emakumeen ardura zen baserrian bizi zirenen osasuna. “Medikuntza tradizionalak gutxietsi egin izan ditu sendabelarrak. Eta estigmatizazio hori ez da kasualitatea, emakumeen jakinduria zegoelako sendabelarren atzean”, salatu du Otamendik. Emakumeek ganbaran gordetako ondare naturala zabaldu nahi dute orain. Antolatzaileen hitzetan, hasiera besterik ez da egitasmoa, “jakinduria gehiago dagoelako pilatuta ganbaran”.“Natura ondare oso aberatsa dugu Legorretan bertan, eta ondare horrek sortzen du gure herri nortasuna”
“Medikuntza tradizionalak gutxietxi egin izan ditu sendabelarrak, emakumeen jakinduria zegoelako atzean”
Garikoitz Otamendi (Zura elkarteko kidea)
OHIKO SENDABELARRAK
Arbiburua. Katarroa sendatzeko aproposa. Arbia bueltan ireki, azukrea bota, eta, kendutako zatia tapa gisa jarrita, egun batzuetan freskuran edukita sortzen den likidoa hartu behar da. Axeribuztana. Pixaren infekzioa arintzeko infusioan hartzea izaten da onena. Babarrunaren leka belarra. Azido urikoa jaisteko da ona; infusioan hartzen da. Berbena. Bronkioak garbitzeko baliatzen da. Arrautzaren zuringoa, olioa eta eskukada bat berbena txikituta zartagian jarri, buelta batzuk eman, eta trapu batean bildu behar izaten da guztia. Hiru alditan jartzea komeni da, zikina ateratzeko. Erromeroa. Katarroa sendatzeko erabiltzen da. Egosi eta baporeak hartu behar izaten dira. Etxean landa daiteke. Lizar hazia. Azido urikoa kontrolatzeko da aproposa. Hiru egunez hartu behar izaten da, infusioan. Kontu handia behar da neurriekin, toxikoa izan baitaiteke. Kamamila. Infusioa egiten da tripako minari aurre egiteko. Asuna. Zirkulazioa azkartzeko erabiltzen da, odola fintzen duelako. Infusioan edo tortilla gisa hartzen da normalean. Pareta belarra. Gibela garbitzeko da egokia. Ur basokada batekin, otorduetan hartzen da, bizpahiru egunez. Pasmobelarra. Odola garbitzeko eta bronkioetarako baliatzen da. Bildu eta berehala erabili izan da, baina itzaletan lehortuz gero, ez dago arazorik geroago erabiltzeko. Pasmobelarra eta baratxuria egosi eta bapainua hartu behar izaten da handitua baretzeko. Teilatu belarra. Belarriko mina arintzen du. Hostoak erditik moztu eta ateratzen zaizkion tantak zuzenean botatzen dira belarrira. Zaingorria. Odoleko tentsioa jaisten du, eta infusioan hartzen da.IBILBIDEAK
Hiru ibilbide prestatu dituzte Zura elkarteko kideek. Legorretako udaletxearen aurrean jarri duten informaziopanelean hasten dira denak. Wikiloc atarian jasota daude ibilbide guztiak. Koate bidea. Zailtasun txikiko bidea, ordubetean egiteko modukoa. 3,2 km dauzka. San Joan Iturri bidea. Zailtasun txikikoa, baina luzeagoa: 7,2 km dauzka eta 2.40 ordu behar dira. Burdingurutzeta bidea. Biderik luzeena eta teknikoena: 9,75 km.