Lopez de Uralde larrearrak irabazi du Aizkorriko eta Urbiako gazta txapelketa, Zegaman
San Martin feria ospatzen ari dira, gaur, Zegaman. Ganadu erakusketa, herriko abere onenen sariekta, eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 20. Gazta Txapelketa egin dituzte, eguerdian. 18 gaztagilek aurkeztu dituzte gaztak, Aizkorriko eta Urbiako larreetan ibiltzen direnak. Frontoian, gazta salpostuak, ezti, fruta, barazki eta ogi postuak ere jarri dituzte.
Larreako (Araba) Patxi Lopez de Uraldek lortu du lehenengo postua (227 puntu). Bigarren, Aizpea gaztandegia (Olaberria-Segura) geratu da (217p), eta hirugarren Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegia (209,5p). Lehiaketara aurkeztutako gazta guztiak jendearen artean banatu dituzte.
Epaimahaia zortzi lagunek osatu dute: Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikari Victoria Errasti eta Jose Ramon Agiriano, Markel Irizar txirrindulari oñatiarra, ETBko ‘Hauxa2’ programako aurkezle Onintza Enbeita eta Ana Goitia, Sant Sadurni d’Anoiako (Katalunia) alkate Josep Maria Rivas eta zinegotzi Montse Medall, eta Seu d’Urgelleko (Katalunia) zinegotzi Jesus Fierro. Kataluniako agintari espetxeratu eta erbesteratuen aldeko xingola horia erakutsi dute politikari kataluniarrek paparrean.
Herriko ganadu lehiaketen sariak
Gaztaren sariak eman aurretik, Zegamako abeltzainen artean, ganadu onenak eraman dituztenei sariak eman dizkie Zegamako Udalak. 11 sailetan saritu dituzte:
- Ardiak: 1. Mari Paz Oiarbide
- Bildotsak: 1. Jose Miguel Azurmendi
- Ahuntzak: 1. June Lasa
- Antxumeak: 1. June Lasa
- Pirinear behiak: 1. Jose Inazio Labaka
- Behi mestizoak: 1. Andres Zabaleta
- Behi suitzarrak: 1. Juan Azurmendi
- Zezenak: 1. Andres Zabaleta
- Zaldiak: 1. Joxe Mari Azurmendi
- Etxe behorrak: 1. Javier Arrondo
- Mendi behorrak: 1. Joxe Domingo Ariztimuño