Julen Goia jokalaria, igandeko partidako jokaldi batean // Argazkia: Ainhoa Muriel
Uste baino gehiago kostata, baina Ampo Ordiziak mendean hartu du Complutense Cisneros taldea. Sailkapeneko azken postuan dago talde madrildarra, baina denboraldiko partidarik onena jokatu zuten atzo, Altamiran. Ampok ordea joku sendoa erakutsi du beste behin, eta 15-7 irabazi du. Sailkapenean koska bat gora egin dute ordiziarrek, 4. tokira igota, 25 punturekin.
Etxekoek partida hasieratik erabakita utzi nahi zuten, eta gogor atera ziren erasoan. Parean ordea, horma handi bat bilatu zuten, Cisnerosek defentsa lan ona egin baitzuen atzokoan. Bosgarren minutuan aurreratu ziren, ordea, etxekoak. Valentin Cruzek entsegua egin zuen, nahiz eta ez zuen kolpea gauzatzen asmatu. Kawa Leaumak beste entsegu bat egin zuen, eta Cruzek asmatu egin zuen kolpearekin. 12-0 aurretik joan ziren atsedenaldira, baina zelaian erakutsi zuten nagusitasuna, markagailuak erakusten ez zuen sentsazioarekin.
Bigarrenean ere, Ampo izan zen nagusi joko aldetik, baina akats ugari tarteko, ez zuten markagailua puzterik lortu. Bigarren zatiko erdialdera, erasoari ekin zion Cisnerosek, baina etxekoak ere fin aritu ziren defentsan. Azken minutuetan etorri zen madrildarren entsegua; baina berehala iritsi zen etxekoen erantzuna, Valentin Cruzek beste kolpe bat gauzatu baitzuen. Azkenean, 15-7, etxekoak nagusi.
Lesioak eta agur bat
Partidaren alderik txarrena, Asier Hernandezen eta Fernando Lopezen lesioak izan dira; Hernandezek sudurra puskatu zuen, eta Lopezek masailean egin zuen zauria, eta ospitalera eraman behar izan zuten josi ziezaioten. Biak ere, laster sendatu eta jokatzeko moduan egotea espero du klubak.
Bestetik, Iker Korta jokalariaren denboraldi honetako azken partida izan zen atzokoa. Txinara doa Korta, master bat egitera, eta hainbat hilabete egingo ditu han.