Aurreko irailaren 27ko mintzagaia berreskuratuko dute ostegunean egingo duten Agenda 21eko Foroan. Hain zuzen, Laubideko haur parkeko estalduraz arituko dira. Oraingoan, lantalde teknikoak egindako bi proiektu berri aurkeztuko dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, osteguneko bileraren helburua iraileko foroan hitz egindakoa osatzea da. Saio hartan proiektuaren lehenengo zirriborroa aurkeztu zuten, eta parte hartzaileek egindako ekarpenekin estalduraren diseinua lantzen ari den lantaldeak bi proposamen berri sortu ditu.
Osteguneko foroan bi aukera berri horien nondik norakoa ezagutaraziko dute. Foroko bilerara doazenek estaldura egokiena zein den ebatziko dute eta, ondoren, proiektua idatzi eta gauzatuko du udalak. Proiektuak jasangarritasun irizpideak barne hartuko ditu.