Azaroaren 8an onartu zuen Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak Itsaso-Gueñes goi tentsioko linea, erabilera publikoa emanda. REEk Itsasoko zentrala handitzeko eskaria egin du jada
Administrazioaren azkeneko oniritzia jaso ondoren, Itsaso eta Gueñes (Bizkaia) arteko 400.000 volteko goi tentsioko linea eraikuntzaren arora iritsi da. Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak azaroaren 8an onartu zuen proiektua, erabilera publikoko izendapena emanda.
REE Red Electrica de España SAk sustatua da, eta 2009an hasitako egitasmoa burutu ahalko du, orain. 60 milioi euroko kostua du, eta 2020rako zerbitzuan nahi du Itsaso-Gueñes linea.
Goi tentsioko linea berria 73,4 kilometro luze izango da, eta 30 metro zabaleko korridorea beharko du, landaretzaz soildua.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 26 udalerri zeharkatuko ditu. Tartean, Goierriko bost: Legazpi, Zumarraga, Gabiria, Ezkio eta Itsaso. 70-80 metro altuko 132 dorre kokatuko dituzte, zirkuitu bikoitzeko hariei eusteko. Udazken honetan hasi nahi du REEk eraikitzen.
Itsasoko zentrala handitu
Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso bezain laster, REEk exekuzio faseari segituan ekin dio. Itsasoko argindar zentrala handitzeko eskaria egin dio Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzari. 400 kW-eko parkea haziko du.
Itsasoko zentralean Castejon, Muruarte, Gueñes eta Abanto deituriko linean lau posizio berri kokatuko dituzte, 7.427.554 euroko inbertsioa eginda. Bi posiziotik seira haziko du parkea, astelehenean argitaratutako baimen eskaeraren arabera.
Gueñes-Itsasorekin, Frantziarekin argindar lotura egin aurretiko azpiegitura osatu nahi du REEk. Batetik, Galizia-EAE bitarte guztian 400 kV-eko sarea osatuko du. Bestetik, eta Nafarroa aldeko linea eginda, Kantauri-Mediterraneo ardatza lotu.
Egitasmo izarra, ordea, Gatika-Cubnezais (Okzitania) arteko itsaspeko konexioa izango da. REE espainiarrak, RTE frantziarrak eta Europako Batasunak finantzatuko dute 1.750 milioi euroko proiektu erraldoia. 370 kilometroko linea izango da, horietatik 280 urpean. 2021ean hasi, eta 2025erako jarri nahi da.
Puzzle horretan, Goierriri eragingo dion bigarren pieza, Itsaso eta Castejon Muru Artederreta arteko linea izango da. Azterketa fasean du orain REEk, lehenago horren bi aitzindari baztertu ondoren: Gasteiz-Castejon (2010) eta Itsaso-Deikaztelu (2017).