Zumarragako saskigile berriak
Zumarragako Arte Ederren eskolan saskigintza ikastaroa egiten ari dira. Zumarragan saskigintza ikastaro bat ematea, Firenzen pintura ikastaro bat ematea bezala da. Izan ere, Zumarraga saskigintzaren hiriburua izan zen urte luzetan.
Zumarragako Arte Ederren eskolan saskigintza ikastaroa egiten ari dira. Zumarragan saskigintza ikastaro bat ematea, Firenzen pintura ikastaro bat ematea bezala da. Izan ere, Zumarraga saskigintzaren hiriburua izan zen urte luzetan. Herriko lehen industria izan zen eta 500 bizilagun baino gehiagori lana eman zien.
Hala, Piedad kalea saskigileen aldapa bezala da ezaguna eta Antioko interpretazio zentroko txoko bat zumearekin eta ihiarekin saskiak eta altzariak egiten zituztenei buruzkoa da.
Bi material hauek arinak dira, baina baita sendoak ere. Hala, sarritan mugitu behar diren altzariak egiteko oso aproposak dira. Lorategietakoak, adibidez.
Aitzindaria
Joan zen mendeko erdialdera arte objektu asko egiten ziren zumearekin eta ihiarekin. Asko eta asko Zumarragan. Lehenengo fabrika Justo Artizena (1831-1900) izan zen. Gizon hau Habanan bizi izan zen eta handik itzuli zenean, 1873an, altzari eta orrazi lantegia ireki zuen. Frantziatik punta-puntako artisau eta diseinatzaileak ekarri zituen eta bere lantegiaren urrezko aroan 200 lagun baino gehiagori lan ematen zien.
Bere altzariak Europako beste herrialde batzuetara esportatzen zituen eta 1888an Bartzelonan egin zuten nazioarteko erakusketan sariak lortu zituen. Zentral hidroelektriko bat martxan jarri zuen: bere enpresa inguru honetan elektrizitatearekin lan egin zuen lehena izan zen eta Zumarraga, bere kaleetan argindarra izan zuen Gipuzkoako lehenengotako herria.
Artizen arrakasta ikusirik, beste herritar batzuk ere zumearekin lan egiten hasi ziren: Juan Inazio Mendia, Jose Joakin Landa, Jose Busca, Gabilondo anaiak, Legorburu, Urreta anaiak, Juan Otaegi eta Rufino Mendizabal. Gainera, Badiola anaiek ihiarekin lan egiten zuten. 1948an lau enpresa gehiago zeuden: Victor Pastor de Abajo, Jose Plazaola, Justa Ormazabal eta Josefa Lizarralderenak.
500 bat lagunek lan egiten zuten zumearekin eta ihiarekin. Gehienak emakumezkoak ziren. Saskiak, jostotzarak, aulkiak, mahaiak, kulunkaulkiak, kutxak, hondartzetarako kabinak… egiten zituzten.
Belle Epoque-ko bainuetxe eta hotel asko Zumarragan egindako altzariekin jantzi zituzten. Antioko interpretazio zentroan Bartzelonako Colon Brasserie-ko argazki bat ikus daiteke. Bertan, dozenaka aulki eta mahai ageri dira. Guztiak Zumarragako J.B.Buscaren Seme-alabak enpresan egin zituzten. Donostiako Maria Cristina hotelean ere enpresa honek egindako altzariak eduki zituzten.
Zumea altzairua baino lehenago heldu zen… eta baita pinuak baino lehenago ere. Zume eskaria zela eta, baserritarrek zumea landatu zuten lur antzuetan. Iñaki Linazasorok Zumarraga, nire sorlekua liburuan jasotakoaren arabera, 1930ean aldundiak zumeari leporatu zion baserrien hustea.
Gainbehera
Baina, pixkanaka, zumeak eta ihiak behera egin zuten. 1950eko hamarkada amaieran hiru enpresa bakarrik zeuden: J.B.Buscaren Seme-alabak, Justa Ormazabal eta Juan Urreta.
60 urte ondoren, herritarrek saskigileek nola lan egiten zuten ezagutzeko aukera dute, Arte Ederretako eskolak antolatutako ikastaroari esker.
Ikastaro hau iaz antolatu zuten lehenengoz. «Aurtengoa iazkoaren jarraipena denez, aurtengo lanak zailagoak dira. Iaz sei lagunek eman zuten izena eta aurten ere bai. Hiru iazkoak dira», aipatu du Dorleta Ugarteburu Arte Ederretako eskolako arduradunak.
XXI. mendeko saskigileak oso gustura dabiltzala dio. «Irakaslea Itziar de la Granja da. Donostiarra da, baina Zegaman bizi da. Saskigintzan espezializatu da eta oso irakasle ona da. Ikasleak oso gustura dabiltza».
Ez dira herrian saskiak egiten dituzten bakarrak. Aspaceko kideek ere zumearekin lan egiten dute. Beharbada egunen batean Made in Zumarraga altzari bat ikusiko dugu berriro Maria Cristina hotelean…