Gipuzkoako hainbat eskola txikitako guraso eta haurrak, gaur, Zerainen zuhaitzak landatzen.
Gipuzkoako Eskola Txikien guraso koordinatuek antolatuta, Zuhaitz Egunaren ospakizun berezia egiten ari dira gaur Zerainen. Goizean, 11:00etan, Burdinaren Mendia-Aizpeako Meategietako aparkalekuan elkartu dira Zubieta, Aginaga, Itsasondo, Olaberria, Ezkio-Itsaso eta Zeraingo eskola txikietako ehun lagun inguru, eta ordu laurden bateko ibilaldiaren ondoren, zuhaitzak landatzeko eremura inguratu dira.
Baso autoktonoak berreskuratzeko helburuarekin antolatu dute ekintza, eta denera
500 zuhaitz landare aldatu dituzte: haritzak, pagoak eta urkiak. Zeregin horretan Gipuzkoako Basozainen laguntza izan dute. Ekintza bera NerGroup taldearen babesari esker egin ahal izan da.
Handik bueltan, ZerainLab-eko herritarrek auzolanean prestatutako hamaiketako-bazkaria egin dute, eta arratsaldean zehar haurrak eta gurasoak Zeraingo plazan dabiltza jolasean, Urtxintxa taldekoen gidaritzapean.