Eskola Zaharrak Gizarte Etxearen inaugurazioa, gaur eguerdian, Ormaiztegin.
Ormaiztegiko Eskola Zaharrak Gizarte Etxea inauguratu dute gaur eguerdian, 2015. urtean hasitako egitasmoari bukaera emanez. Garai bateko eskola zaharrak egokitzeko aurrekontua milioi bat eurotik gorakoa izan da, eta aurrerantzean taberna, areto nagusi bat, gaztelekua, eguneko zentroa, jubilatuak elkartzeko gunea, ile-apaindegia eta liburutegia hartuko ditu.
Areto nagusia gainezka zela egin da inaugurazio ekitaldia. Jon Enrique alkatea gidari zela, Ainhoa Aizpurua Garapen Ekonomikoko Foru Diputatuak, Mari Jose Telleria kultura zuzendariak eta Edurne Elortza herritarrak hartu dute hitza. Elortza eskola zaharrak urteetan izandako bilakaerari buruz aritu da, egoki irakurritako testu batean oinarrituta, eta haren aurretik Rigida Campos herritarrari egin dio aipamena. Eskola zaharra 1916an inauguratu zutenean, Camposek testu bat irakurri zuen eta haren ondorengoek testu hura gorde dute. Ormaiztegiarren ondare gisa gordeko dute idatzi hori.
Jon Enrike alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie proiektua gauzatzen lagun izandako guztiei: Udalbatzari, teknikariei, arkitekto eta hornitzaile izan diren enpresa guztiei, Irizarri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta baita herritarrei ere. “Abiapuntu inportantea da hau Ormaiztegirentzat, herria XXI. mendeari begira jartzen baitu”. Eta mezu argi batekin amaitu zuen: “Erabili, zaindu eta gozatu”. Ekitaldi bukatzeko, ohorezko aurreskua eta zinta moztea egin dute, eta segidan gizarte Etxeko instalazio eta eremuak bisitatu dituzte. Bukaeran mokadutxoa eskaini dute taberna berrian.