Euskaraldia ekimena gaur hasiko da, 11 egunerako. Hizkuntza ohiturak, inertzia eta jarrera aldatu nahi ditu, euskaraz gehiago eta sarriago hasteko. Bero hartu du gizarteak gonbita
Hamaika ikusteko jaioa den giza taldea, hamaika entzuteko dago. 11 egun ditu, gaurtik abenduaren 3ra arte, Euskaraldian. Euskal Herri osoan garatuko den lehenengo esperientzia soziolinguistikoan. Hizkuntza ohiturez hausnartu, inertziak berbideratu eta jarrera aktiboa hartzera gonbidatu dituzte.
Hamaika arlotan ongarrituko da euskararen lurra. Enpresetan, erakundeetan, ikastetxeetan; talde, elkarte, eragile, soziedade eta kuadrilletan. Sustengua gizarteko esparru askotatik jaso du Euskaraldiak.
Hamaika bider bi herritan. Goierrin, 23 herritan izango da Euskaraldiaren oihartzuna. Batzuek irudimentsuago, besteek azken orduan, baina herri ia denetan antolatu dituzte batzordeak, burutu dituzte prestakuntza saioak, hartu dituzte izenak eta banatu txapak.
Hamaika herritar, bat egin dutenak. Oro har, eta partaidetza datu behin betikorik oraindik eman ez badute ere, aurreikuspenak gainditu dira. Kalkulatutako kopuruak baino gehiago eman du izena ekimenean. Proportzioan,
Ahobizi gehiago animatu da,
Belarriprestak baino.
Gutxieneko jarreretatik
11 egun euskaraz. Artifizio ikusgarrietatik urrun, muina sinplea bezain eraginkorra da, hizkuntzaren erabilera astintzeko: euskaraz egin eta entzun.
Ahobiziek: «Ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete».
Belarriprestei: «Egiezue euskaraz, ulertzen dute eta. Agian erdaraz erantzungo dute, baina berari euskaraz egitea nahi dute». Txapa bereizgarria paparrean itsatsita adieraz liteke bakoitzaren jarrera.
Hamabigarrenean, hasiera. Amets Artzallus bertsolariak esan duen bezala, ordea, Euskaraldiak benetako zentzua 12. egunean hartuko du: Euskararen Egunaren biharamunean.
Euskaraldiko ekitaldiak
Gaur
· Beasain. Txapa jazte ekitaldia eta Takolo eta Pololo pailazoak, 18:00etan, plazan.
· Ordizia. Euskaraldiaren hasierako ekitaldia, 19:00etan, plazan. Ondoren, pintxopotea eta Burrunbazale txaranga, 20:30ak arte.
· Ormaiztegi. Mosaiko erraldoia, jaietako Ormaiztegi?Show ekitaldia bukatutakoan.
· Segura. Kantu-bingo herrikoia, 8:30ean, Zopajale elkartean.
· Zaldibia. Txapa jasotzea eta izen-ematea 19:00ak arte. 19:00etan, hasiera ekitaldia eta txapak janztea, plazan.
· Zegama. Bertso afaria Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin, 21:00etan,?Ostatuan
Bihar
· Urretxu-Zumarraga. Txapa banaketa Areizaga-Kalebarren plazan (11:00-13:00).
· Zegama. Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzak, 20:00etan, elizan.
«Euskaraldian parte hartuko duten langile kopurua oso goitik dago pentsa genezakeenetik»
Joxe Begiristain (CAFeko Euskara Arduraduna eta Ingudea-ko kidea)
Goierriko enpresetako euskara batzordeak zaudete Ingudean. Zein da arlo horretan orain arte egin duzuen lanketa?
Lortu dugun gauzarik garrantzistsuenetako bat, Ingudean elkartzen garen Goierriko 10 enpresen arteko elkarlana da. Enpresa bakoitzak bere neurrian, bere abiadan, baina guztiok dugu helburu bera: euskarari enpresetan ere poliki-poliki bere lekua ziurtatzea. Eta hor badira guztiok batera adostu eta urtero aurrera atera ahal izan ditugun hainbat gauza: hornitzaileekin dugun harremana eta euskararekiko gure jarrera adieraztea, adibidez.
Zer moduzko harrera izan du Euskaraldiak langileen artean?
Euskal Herri osoan bezala, gure lantegietan aurreikusi genezakeen emaitzak gainezka egin digu: Euskaraldian parte hartuko duen langile kopurua oso goitik dago hasieran pentsa genezakeenetik. Gure arteko enpresa batzuk Euskaraldiak propio haientzat sortutako datu-basea dute eta horregatik dakite hori. Eta gainontzeko enpresetan ere, guztietan egin dugu zerbait: talde argazkiak, komunikazioa langileei, izen-emateak sustatu…
Zein da enpresa munduan euskarak duen egoera eta zertan jarri behar litzateke indarra?
Enpresa bakoitza mundu bat da euskarari egiten zaion lekuari dagokionez, eta gure artean bada Hizkuntza Politika arautuaz lanen ari direnetik, inongo Euskara Plan zehatzik gabe natural-natural euskaraz lanean ari diren enpresetarainoko aukera. Guztiok zerbait badugu bat etortzera bultzatzen gaituena, hori da, produktua edozein dela ere, beraren ekoizpena euskaraz egitea posible dela jakitun garela. Eta horretarako ohitura eta inertziak aldatzen joatea besterik ez dela.
«Ikasle guztiei Euskaraldia zer den azaldu diegu eta askok izena eman dute»
Marisa Alonso (Euskaltegiko irakaslea)
Euskaldunberria zara eta Urretxu eta Zumarraga Udal Euskaltegiko irakaslea ere bai. Ba al duzu aholkuren bat Ahobizi eta Belarriprest-entzat?
Ahobiziei hausnarketa egiteko eskatuko nieke. Euskaldunberriak motibatu egin behar ditugu. Askotan ez direla gai pentsatzen dugu eta badira. Batzuk ez dira euskaraz hitz egitera ausartzen, lotsatu egiten direlako. Ezintasuna sentitzen dute, ezin dituztelako beraien ideiak nahi bezala azaldu, baina hasieran behintzat helburua ez da zuzentasuna izan behar. Bestalde, euskaldun asko erderaz jo eta ke aritzen dira. Euskaraldia ohiturak aldatzeko ariketa ona izango da. Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.
Zer esaten dizute ikasleek euskaldunberria zarela esaten diezunean?
Asko pozten dira. Motibagarria da beraientzat. Lortu daitekeela konturatzen dira.
Nola landu duzue Euskaraldia euskaltegian?
Nik etorkin talde bati ematen dizkiot eskolak eta ahal duten guztia egiteko esaten diet. Norbait euskaraz hitz egiten entzuten dutenean adi egon daitezela eta dakiten apurra erabili dezatela. Bestalde, ikasle guztiei Euskaraldia zer den azaldu diegu eta askok izena eman dute.
Ekimen arrakastatsua izango dela uste al duzu?
Bai. Izena eman duten guztiek agindutakoa betetzea espero dut. Hamaikagarren egunean ez bukatzea espero dut. Hamabigarren, hamahirugarren, hamalaugarren… egunean ere euskaraz egitea, alegia. Baikorra naiz, jendea animatuta ikusten baitut.
«Orain arte euskaraz egin ez dutenek euskaraz egiteko balio badu, ‘chapeau!’»
Joxe Mari Arrospide (BKL klubeko lehendakaria)
BKL Beasaingo Kirolaren Lagunak klubean Euskaraldiaren gaia landu al duzue?
Klubeko kideok Euskaraldiaren aldeko argazkia atera genuen, baina parte hartzea ez dugu gehiegi landu. Dena den, badakit taldeko askok izena eman dutela. Nik neuk ere parte hartzeko asmoa dut. Oraindik ez dut erabaki
Belarriprest bezala edo
Ahobizi bezala izango den. Egia esan, urte osoan naiz
ahobizi. Baina oraindik ez dut izenik eman! Bihar [gaur] apuntatuko naiz udaletxean eta ordurako erabakiko dut nola parte hartu.
Klubean euskara erabiltzen al duzue?
Jokalari gehienek euskaraz hitz egiten dute eta hitz egiten ez dutenak ulertzeko gai dira. Hobetu beharrekoa alor teknikoa da. Hor ikusten dut zailtasunik handiena. Izan ere, saskibaloian hitz teknikoak erabiltzen dira eta entrenatzaileek agindu asko gazteleraz ematen dituzte. Entrenatzailea erdalduna izatea, aginduak gazteleraz ematea eta ondoren jokalariek kantxan euskaraz hitz egitea ere gertatu izan zaigu.
Euskara sustatzeko lanik egiten ari al zarete?
Bai. Kirola Oinarritik Euskaraz egitasmoan parte hartzen ari gara, Beasaingo Udalarekin eta Koikili Lertxundiren Eusport enpresarekin.
Zer diozu Euskaraldiaz?
Oso ekimen ona iruditzen zait, baina 2018an halako zerbait antolatu behar izateak zer pentsatua ere ematen dit. Beharbada, euskara nire ama hizkuntza delako eta euskaraz hitz egiten dudalako. Euskaraldiak orain arte euskaraz egin ez dutenek hemendik aurrera euskaraz egiteko aukera emango du; horretan laguntzen badu,
chapeau!
«Ea txapa asko ikusten diren, giro polita sortzen den eta dena ondo ateratzen den»
Iñigo Etxezarreta (Urretxuko tabernaria)
Euskaraldian parte hartuko duzu. Tabernari izanda, zein izango da zure partehartzea?
Bai.
Belarriprest bezala parte hartuko dut. Izan ere, bezero batzuekin gazteleraz hitz egin beharko dut. Buhamen bost lagunek lan egiten dugu eta guztiok parte hartuko dugu. Inguruko tabernari batzuk ere parte hartzeko asmoa dute. Antolatzaileak pozik daude, espero baino ostalari gehiagok parte hartuko baitugu.
Euskaraldia sustatzeko lanik egin al duzu?
Gertukoenak ditudan bezeroekin eta kuadrillakoekin hitz egin dut. Kuadrillan parte hartzea sustatzen saiatu naiz. Gehienek ondo hitz egiten dute euskaraz eta besteentzat lotsa galtzeko aukera ona da. Kuadrillan batzuetan gazteleraz egiten dugu eta euskaraz egitera behartuta egongo gara.
Urretxu eta Zumarragako tabernetan euskara entzuten al da?
Taberna batzuetan bai. Jabearen izaeraren araberakoa da. Nik bezero guztiei lehen hitza euskaraz esaten diet. Tabernariok asko egin dezakegu eta Buhameko langile guztiak euskaldunak izan dira beti. Bezeroei lotsa galtzen lagundu diezaiekegu.
Zer ekarriko du Euskaraldiak?
Ekimen polita da. Euskaraz nork dakien konturatzeko eta berarekin euskaraz egiteko balioko du. Askotan aurreiritziak ditugu eta batzuengana gazteleraz jotzen dugu, euskaraz badakiten arren. Ea datozen egunetan txapa asko ikusten diren, giro polita sortzen den eta dena ondo ateratzen den. Gauza politak ikusiko direla uste dut. 70 urteko emakume batek
Belarriprest bezala izena eman duela jakin dut, adibidez.