Suziri eta danbor hotsekin hasi da festa Ormaiztegin
Suziriaren danbateko eta danbor hots artean hasi dituzte San Andres jaiak Ormaiztegin. Gaur arratsaldean igo dute ikurriña udaletxeko balkoian, eta txupina botatzearekin batera zabaldu da festa giroa herrian. Danborradak 20:00etan puntuan hasi du ibilbidea; ordutegi aldaketak on egin dio, orain ikusle gehiago pilatzen baita kalean. Herri osoa zeharkatu ondoren, plazara iristerakoan hasi dira aurreneko euri tantak, eta elizako aterpera jo dute, azken martxak bertan jotzera.
Bihar Ander Deunaren Eguna ospatuko dute; hamaiketakoa eta herri kirol jaialdia izango dira goizean, eta umeentzako disko festa iluntzean. Igandera arte, festak ez du etenik izango Ormaiztegin.