«Euskaratik birsortu behar ditugu kanpoko musika joerak»
Txikitatik ibili izan da nota artean Yon Ander Marcos (Zumarraga, 1996). Txistua, dultzaina, harmonika, gaita, gitarra eta banjoa jotzen ditu. Bakarlari gisa ...
Txikitatik ibili izan da nota artean Yon Ander Marcos (Zumarraga, 1996). Txistua, dultzaina, harmonika, gaita, gitarra eta banjoa jotzen ditu. Bakarlari gisa parte hartuko du bihar, abenduak 1, Zumarragako Zelai Ariztin egingo den ‘Gure hitzak’ Mikel Laboaren omenaldian.
Nolatan hartuko duzu parte Laboaren omenezko ekitaldian?
Irailaren erdialdera jakin nuen herriko hainbat musikari Mikel Laboari omenaldia prestatzen zebiltzala. Herritik eta herriarentzat sortutako ekimena zenez, nik ere parte hartu nahi nuen. Gainera, niri jotzeko gehien gustatzen zaizkidan abestiak iraultza eta protesta kantak dira, Ez dok amairu edo Mikel Laboarenak, adibidez.
Zein abesti joko duzu?
Gure Hitzak. Euskara indartzen ari den arren, erabili egin behar baitugu gal ez dadin. Zentzu horretan, oraindik gaur egungo abestia iruditzen zait.
Zer du berezia Mikel Laboak?
Mikel Laboak akorde tradizionalak hartu eta metafisika berri bat sortu zuen euskarak izan ditzakeen forma desberdinekin jolastuz.
Nola irudikatzen duzu euskal sorkuntzaren egoera Laboarik gabe?
Laboa ez da bakarra. 1970eko hamarkadan indarrean zegoen protesta kanten mugimendua, eta Euskal Herriak bizi zuen egoera politikoagatik, indartsu sartu zen hona. Hor ditugu, adibidez, Pantxoa eta Peio, Xabier Lete edo Lourdes Iriondo. Laboarik gabe ziur desberdina izango zela, baina guztiek izan dute eragin handia.
Iraganeko izenak denak.
Zaila da gaztea izanda erreferente kulturala izatea. Anari, ordea, badela esango nuke.
Gaur egun izango lukete arrakastarik izen horiek guztiek?
Gure kultura azkar ari da globalizatzen, eta izaera propioa galtzen ari gara. Baina bertako ikuspuntutik sortzen duten sortzaileekin egin behar diegu aurre, nahiz eta zaila izan.
Euskal kultura erreferenteak galtzen ari da?
Euskal kulturak betidanik izan du kanpoko joeren eragina. Fermin Muguruzak euskaraz ekarri zituen rapa edo reggaea, eta orain, Gorpuzkingsek trapa. Euskaratik birsortu behar ditugu kanpoko musika joerak.
Zure burua ikusten duzu noizbait erreferente moduan?
Gustatuko litzaidake, baina batek daki. Argi dudana da musika munduan jarraituko dudala, asko maite dudalako.