Legazpin gaur egingo dute San Nikolas kantu erronda; Zegaman bihar eta Seguran etzi. Eskola haur batek San Nikolas gotzainaren rola hartuko du. Aspaldiko ohitura gorde dute herriotan.
Legazpiko errondan Aner Telleria izan zen iaz San Nikolas Txikia. // M. Luki
Latinezko
ad ventum hitzek
datorrena esan nahi dute. Euskarara ekarrita abendu hitza nondik datorren asma daiteke. Izan ere, datorren hori, erlijio kristauaren barruan, Jesukristo erredentorea da. Abenduan kokatzen da kristau liturgiaren hasiera, Gabonetan gailurra joko duena. Legazpin, Seguran eta Zegaman San Nikolasen kantu eskea egiteko ohitura gorde dute.
Myra-n (egungo Turkia) jaio eta bizi izan zen IV. mendean gerora San Nikolas izango zena. Kondairek diotenez zoriari esker izan zen gotzaina eta hari egotzitako mirarien artean dago hiru neskatila pobreren etorkizuna urrezko txanpon batzuekin aldatu izana. Eskuzabaltasuna eta pietatea haren ezaugarri izan omen ziren. Legendak legenda, denboraren galbahea pasa du San Nikolasek eta Europako hainbat herrialdetan euskal Olentzeroaren kide diren Santa Klaus eta San Nikolas Gabonetan opariz beteta datozen pertsonaien oinarria da.
Segurako San Nikolas Txikia.
Erdi Aroan ikasleei lotuko zitzaien nonbait San Nikolasen kondaira eta egun Goierrin ere ikasle bat aukeratzen dute Myra-ko gotzainaren rola joka dezan.
Legazpin Ibai Agirre Olazabal institutuko DBH1-eko ikaslea izango da gotzaina. Kantu erronda gaur aterako da Laubidetik 17:30ean; egunez aldatu dute.
Seguran etzi ospatuko dute San Nikolas Txiki eguna. Luar Murgiondo Presa izango da San Nikolas. 10:00etan abiatuko dira Arboladitik. Gotzain txikia pottokaren gainean buru duen taldea eskean kantari ibiliko dira kalez kale. Nikolas Txikiak zein Segurako Tarta plazan eta Ardixarran egongo dira salgai.
San Nikolas Txiki Zegaman.
Zegamako Aitxuri ikastetxeko ikasleek San Nikolas erronda egingo dute bihar. Goizeko bederatzietan LHko 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleak aterako dira. 10:30a aldera 1. eta 2. mailakoak elkartuko zaizkie eta amaieran Haur Hezkuntzakoak.
San Nikolasi eskainitako abestietan urte berria iragartzen da, eskeari gorazarre egiten zaio haren eskuzabaltasunaren izenean eta Legazpin kantatuko duten abestian Myra-n baino, gotzaina Udalaitzen sortua dela zabalduko dute lau haizeetara.