Ekinez eginarazteko sortua
Goierriren garapenerako eta goierritarren bizitza kalitatea hobetzeko sortu zen Goieki .Bailarako 18 udalerriek osatzen dute .Garai zailean abiatu zen, erronka berriak ditu orain
Industria krisi sakona
1980ko hamarkadako industria krisialdiak berealdiko jipoia eman zion Goierriko industriagintzari. 1982-1992 hamarraldian Goierriko industria sareak atzerapauso handia izan zuen, eta Goierrik sekula ezagutu gabeko egoera bat bizi izan zuen:? enpresa askoren itxiera eta langile ugariren kaleratzea. Hiru mila lanpostu baino gehiago galdu ziren, eta langabezia tasa %20-25 artekoa zen. Enpresa nagusienak egoera txarrean zeuden, eta ez zen aurreikusten egoerak hobera egingo zuenik.
Fundazioaren sorrera
Industria krisi orokor horri beste bat gehitu zitzaion orduan, Goierri Lanbide Eskolaren krisia. Eskolaren egoera ez zen batere ona, eta lanbide heziketa erabat desprestigiatua zegoen garai hartan. 1986. urtean Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa sortu zuten Goierriko 18 udalek eta hainbat enpresek, Goierri Eskolarekiko zuten konpromisoan sakonduz. Era berean, hartu beharreko erabakiak koordinatu eta bideratzeko egin beharreko diru inbertsio guztiak egiteko konpromisoa hartu zuten alde guztiek. Eskola ospea irabazten hasi zen, eta Hetel elkartearen (Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea) sorreran parte hartu zuen era aktibo batean, eta harrezkeroz zuzendaritza taldeko kideetako bat da.
Plan estrategikoa
Goierri Lanbide Eskolaren egoera bideratuta (1987-1990), eskualdearen egoera ezkorrari aurre egiteko gogoeta estrategiko bat egitea erabaki zuten eskualdeko udalerri guztiek enpresa nagusienekin elkarlanean. Eragile soziekonomiko guztiek (alderdi politikoak, enpresak, sindikatuak, gainontzeko eragileak…) egoeraren irakurketa bateratua egin zuten: Goierriren indargunea metalaren industria zela, eta horretan sakondu behar zela lehiakorrak izaten jarraitzeko. 1992an Eskualdeko Plan Estrategikoa onartu zuten aho batez eragile guztiek. Plan hori 2005. urtean eguneratu zen.
Egitasmo hori gauzatzerakoan bi errealitate bereiztu ziren;?batetik, Goierriko Herrien Ekintza Fundazioarena (eskualdeko enpresei formakuntza eta ikerketa zerbitzuak ematekoa), eta bestetik, plan estrategikoa jorratu eta garatu ahal izango lukeen tresna baten sorrera. Goiekiren sorrera Plan estrategikoan aurreikusten ziren helburu eta jarduera integralei erantzun bizkorrak emateko gai izango zen egitura bat sortzea izan zen gakoa, abiadura azkarreko gizarte batek zituen erronkei erantzun ahal izateko. Goierriko 18 udalerriek 1993an eratu zuten Goieki (Goierriko Ekimena SA), eskualdearen garapen sozioekonomia dinamizatu eta goierritarren bizitza kalitate hobetzeko helburuarekin.“Herri eta erakundeak proiektu baten alde batzeak egiten du proiektua ona izatea”
“Erakundeek tresnak eta helburuak nahasi eta aurreneko horiek lehenesteko arriskua izaten dute”
Juan Manuel Barandiaran (Goiekiren lehen kudeatzailea)















