Eskaintza aberatsa Eguberri atariko ferian Ordizian
Garaiko jakiak eta edariak ez ezik, hornigaiak, txistor lehiaketa, ikasleen pintxo eskaintza eta Ordiziako merkataritzaz iritzia emateko aukera, denetik izan da atzo goizeko ferian.
Eguberri usainak eta egun horietara bideratutako apaingarri eta produktuak izan dira aste honetako feria bereiztu dutenak. Aipamen ugarikoa atzoko azoka. Fruta berri bat Aramatik, kakia, Arantxa Zurutuzak ekarrita (3,5 euro kiloa).
Edari berria aurkeztu zuten Zeraingo Oiharte Sagardotegikoek, Izotzezko Sagardoa; freskoa edatekoa delako jarri diote izen hori. Sarrerakoekin edota mahai burukoekin hartzeko aproposa den edari apardun gozoa da, oso botila dotorean aurkeztua eta 15 euroan salgai. Produktu berriak aurkeztearen zale dira Maite Retolaza eta Aritz Eguren; Ama sagardo aparduna aurkeztu zuten duela 3 urte.
Arkumeak bere gorenean
Aste honetan Larsabik (Latxa arkumearen alde lanean ari den elkarteak) jakinarazi digu arkumearen prezioa, bizirik pisatuta, 4,85 euro gehi BEZa dela. Bestalde, arkumeak kendu dituzten artzainak hasi dira gazta egiten edota esnea saltzen. Ordizian lehen litroak Axun Etxeberriak ekarri ditu (2,40 euro litroa). Postu berean gatzagi naturala erosteko aukera ere izaten da, eta Axun erabilpenari buruzko zehaztasunak emateko prest.
Gozogintzan ere aukera aparta dago, turroi, girlatxe, polboroi, mazapan eta abarretan.
Eguberria begi bistan
Urteetan usadioa aldatzen ari da Gabonetako edergailuetan. Izei natural gutxi jartzen da, eta jaiotzetan erabili ohi zen goroldioa edota gorostia babestuak daude, ezin dira bildu are gutxiago saldu. Orain pazko lorea, mihura eta erratz adarrak dira salduenak. Atzo izei gutxi batzuk baziren aukeran Mikel Lasaren postuan, Joxe Ramon aitak ekarriak, kapritxoz egiten duen lana, Anoetako lurretan landatutakoak ziren: 10 euroan izei gorria eta 15ean Normandiakoa.
Azkoitiko Kurutziako Jose Mari Uzin agurtu da; tomate berriekin hasiko da berriz ere etortzen maiatza inguruan. Ostiraletan etortzen segituko du Uzinek.
Udaletxeko arkupean eta inguruan izan zen mugimendua, batetik txistor lehiaketa, bestetik Jakintza ikastolako DBH-4ko ikasleek jarritako pintxo eta edari postua, ekainean egingo duten ikas bidaiarako dirua biltze asmotan. Eta Ordiziako merkataritzari buruzko iritzia bildu asmoz galdeketa egiteko aukera izan da bi azken asteazken hauetan.
Hurrengoa Eguberriko azoka berezia izango da. Eguberri eguna ez da jai izango denentzat, asteazkenean aurkeztu beharrekoak bezperan prestatu behar baitira. Ikusten ez diren lanak!.













