Gaur zortzi zabalduko zute Zegama-Aizkorri maratoian izena emateko epea
Ekainaren 2an egingo Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baina dagoeneko martxan da makineria guztia. Gaur egingo dute proba aurkezteko agerraldia Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Izena emateko epea gaur zortzi, urtarrilaren 14an zabalduko dute, otsailaren 1era arte; dortsalen zozketa, otsailaren 22an izango da.
Aurten bi berrikuntza nagusi izango ditu maratoiak. Aurten, Golden Trail World Series zirkuituko proba izango da Zegama-Aizkorri, eta Skyrunner Series utziko du, inkonpatibilitate arazoak tarteko. Alberto Aierbe probaren koordinatzaileak azaldu duenez, “Europako eta mundu mailako probarik onenak Golden Trail Seriesen” egongo dira, eta baita eliteko atletak ere. Horregatik egin dute GTSen aldeko apustua.
Bigarren berrikuntza nagusia, izena emateko plataformarena izango da. Orain arte Kirolprobak atariaren bitartez apuntatu behar zen, baina aurten RockTheSport gunearekin egingo dute. Maratoiaz gain, Kilometro Bertikalean eta Junior Trailean ere apuntatu ahal izango da datorren astelehenetik aurrera.
Boluntarioen garrantzia
Aurkezpen ekitaldian, proba antolatzerako garaian boluntarioek duten garrantzia azpimarratu du Joseba Izagirre Zegamako alkateak. Hemezortzi urte beteko ditu aurten probak, eta “adinez nagusi” izatearekin batera, horrek “boluntarioen artean errelebo aldaketa” eskatzen duela azpimarratu du. “Zorionez, ordea, errelebo hori bermatuta dago”. Izan ere, Zegama-Aizkorriren antolaketan “bidelagun asko eta herri bat atzetik” dutela gogorarazi du Izagirrek.