Aitor Alberdi adituak eskainiko du, urtarrilaren 9an euskaraz eta 24an gaztelaniaz
Mikel Pujana ordiziarra IV. Marimurumendi mendi maratoia egiten
Aitor Alberdik kirolaren goi errendimenduko masterra dauka, Heziketa Fisiko eta Kirol lizentziaduna da eta, maratoiak oinarri, bi hitzaldi egingo ditu Legazpin urtarrilean. Bata, euskarazkoa, bihar izango da kultur etxean, 18:30ean; gaztelaniazkoa urtarrilaren 24an izango da.
Alberdik dioenez, «azken urteetan asko igo da maratoietan parte hartzen dutenen kopurua eta askok prestaketa bideratua egiten dute lasterketa luzea egiteko». Prestaketa hori da, hain zuzen, hitzaldiaren muina.
Prestaketaren oinarri fisiologikoak azalduko ditu modu soilean eta errendimenduan eragin dezaketen beste alderdi batzuei erreparatuko die kasu erreal baten azalpena baliatuz.
«Helburua da norbanakoek izan ditzaketen zalantzak argitzea eta ezagutza areagotzea prestaketa eraginkorra izan dadin, hau da, osasun kontzeptuei eutsita, helburuak lor daitezen», azaldu du. Maratoietan zentratuko bada ere, arnasa luzeko beste jardueretarako ere baliagarria izango da emango duen informazioa.