Andoni Mikelarena eta Leire Barandiaran (Goierri beheko Korrikaren koordinatzaileak)
Korrika 21 antolatzen buru-belarri lanean ari da AEK. Goierri beheko koordinatzaileak Andoni Mikelarena eta Leire Barandiaran dira. Apirilaren 13an iritsiko da Korrika Goierrira.
Goierri beheko Korrikaren koordinatzaileak zarete. Zein sentimendurekin hartu duzue lan berria?
Leire Barandiaran. Errespetuz. Korrikak daukan ibilbidea ikusita, errespetu pixka batekin.
Andoni Mikelarena. Nik uste dut oraindik ez dugula oso ondo barneratu zein saltsatan sartu garen. Korrikak ekarriko digun lan karga, ikasgai eta esperientzia hori guztia ez dugula oraindik neurtzen. Gogotsu gaude.
Hasteko, asteartean, hilaren 15ean, 19:00etan, Beasaingo Igartzan Goierriko aurkezpena egingo duzue.
A.M. Lehenengo aurkezpen orokorra egin eta otsailean herrietako batzordeak deitzea da asmoa. Batzordeek eramango dute pisurik handiena. 15ean ahalik eta herri gehienetako jendea elkartzea nahi dugu.
L.B. Korrikaren altxorrak dira herrietako batzordeak. Azkenean beraiek dira protagonista nagusiak.
A.M. Azken batean, konpromiso maila eskatzen du, baina denbora jakin baterako da, bi-hiru hilabeteko lanketa da. Gainera, emaitzak oso ikusgarriak dira, denok ilusioz betetzen gaituen emaitza bat dakar.
Euskaraldia bukatu berria da. Gizartea aktibatuta dagoela esan daiteke.
A.M. Euskalgintzari dagokionez, ikasturte oso berezia da. Ikusten ari gara, nolabait, ur geldoetako garai batetik, olatu batzuk sortzen ari diren garai batera pasatu garela. Lehenengo olatu handia, eta oso garrantzitsua, gainera, Euskaraldia izan zen. Beraz, Euskaraldiaren ondoren, ikasturte honetan bigarren olatu handia izango dugu eta hori Korrika izango da. Biek bat egin dute eta Korrikaren mezua ere hortik doa.
Klika da Korrikaren leloa, euskararen aldeko aukera egiteko.
L.B. Euskaraldian jende askok klik bat egin du. Gauza askotaz konturatu da eta nik uste dut Korrika jarraipena dela, egindako aukera sendotzeko beste urrats bat.
A.M. Korrikak ere badu beste osagai bat: Euskaraldia nahiko pertsonala zen, konpromisoa norberarena zen, baina Korrika konpromiso kolektiboago bat da, esperientzia kolektiboagoa bihurtzen dugu. Azken finean, banan-banan egiten ari diren klik guzti horiek Korrikan egingo dute bat. Konpromiso txiki horien batura izango da Korrika.
Apirilaren 4an hasiko da Garesen 21. Korrika, eta apirilaren 14an Gasteizen bukatuko da. Goierrira bukatu bezperan iritsiko da. Herri guztietatik pasatzea zaila izango da.
L.B. Zaldibia, Ataun eta Zegama adibidez kanpoan geratu dira. Ordutegi bat markatuta dago eta hori errespetatu behar da.
Eskualdean bertan erabakitzen da eskualdeko ibilbidea?
A.M. Sarrerako eta irteerako orduak zehaztuta egoten dira eta tartean pare bat herri. Beraz, horren araberako ibilbidea osatzen da.
Korrika girotzeko Korrika Kulturala dago. Zein asmo duzue?
A.M. Eskualdeko kultur sortzaileei plaza bat eskaintzeko baliatu nahi dugu Korrika Kulturala. Eskualdean kultur sortzaile pilo bat daude eduki oso interesgarriekin, eta askotan ezkutuan edo plazarik gabe daude.
Helburu ekonomikoa ere badu Korrikak. Korrika Laguntzailea egiteko aukera ere badago.
L.B. Kilometroa erosteari ematen zaio garrantzia baina Korrika Laguntzaileak aukera ematen die herritarrei, 12 eurorekin laguntza emateko. Korrika Laguntzailearen txartelarekin deskontuak lortu daitezke.
A.M. Euskararen aldeko ekimena izateaz gain, funtzio ekonomiko bat ere betetzen du Korrikak, AEKk euskara irakasten eta ikasten jarraitzeko aukera izan dezan. Zentzu horretan, modu desberdinetan lagundu daiteke: materiala erosiz, kilometroa erosiz, eta batez ere, norbanakoei zuzenduta dagoena, Korrika Laguntzaile eginez.