«Ezohikoa delako harritzen da jendea; hori aldatu behar dugu, pixkanaka»
Suhiltzaileen lana gizonezkoekin lotuta egon izan da betidanik, eta hortik sortu izan dira estereotipoak. Gipuzkoan hiru emakume ari dira lan horretan, Pili Gartzia tartean. Urratsez urrats, emakumeen presentzia handitzea espero du.
Protestak ere egin dituzue egoeraz kexatzeko. Denok dauzkagu gure ohiko ordutegitik kanpo ordu asko pilatuta, eta are gehiago eskatzen ari zaizkigu. Ordu horiek ez dizkigute ordaintzen. Pilatzen ari gara, eta lan poltsa daukatenean itzuliko dizkigutela esan digute. Ez da nolanahiko egoera… Beste lan poltsetan ez daude gutxieneko horietan. Nik ulertzen dut baliabideak mugatuak direla. Ezinezko gauzak eskatzen ditugu batzuetan, baina ertzain mordoa dago, adibidez, eta lan eskaintza publikoak egiten jarraitzen dute hor. Eta suhiltzaileak zer? Ez al dago horretarako dirurik? Konponbiderik ageri al da? Gipuzkoa Babestu 20_30 plana aurkeztu zuen buruzagitza berriak. Plan horrekin, esaterako, Legazpiko eta Oñatiko parkeak itxiko lirateke, eta handiago bat zabalduko lukete Bergaran; lanpostu gehiago sortuko lirateke. Baina parkea non egin aztertzen ari dira orain. Betikoa: adreiluak jarri dituzte pertsonak baino lehenago. Noiz handituko dituzte, ordea, lantaldeak? Babes zibila da zuen lana. Ahaleginak jasotzen al du bere saria? Oso lan polita da. Egunero ikasten da zerbait, eta lanerako gailu asko erabiltzen ditugu. Oso polita da suhiltzaileon kolektiboa bera ere: oso harreman estua daukagu geure artean. Hori bai, guztia ez da horren ideala. Egoera ekonomikoa kontuan hartu behar da hemen sartu aurretik. Zergatik? Suhiltzaile bat ez da zuzenean hasten lanean. Azterketa gaindituz gero, lan poltsan sartzen zara. Lana egongo dela esaten dizute sartzean, baina inork ezin dizu ziurtatu noiz deituko dizuten. Gainera, ez dakizu zenbat denborarako lana izango den. Gerta daiteke hilabetean zortzi orduz bakarrik lan egitea, baina fakturak berdin ordaindu behar izaten dira. Pribilegiatua naiz, aurreko lanean eszedentzian nagoelako. Lana polita dela esan duzu. Zerk bihurtzen du hain erakargarri? Alde batetik, etengabeko formakuntzak. Beti aritzen gara ikastaroak egiten. Alde horretatik, oso aberatsa da. Bestalde, funtsean larri dagoen pertsona bati laguntzea da gure lana, eta ikaragarria da hori. Batzuetan tokatzen da ondoan norbait hiltzea ere, baina saiatu izanaren sentsazioarekin amaitzen dugu, gure esku zegoen guztia egin izanaren lasaitasunarekin. Horregatik, suhiltzaile izatera animatuko nuke jendea. Komunitatea ere aipatu duzu. Harreman estua daukazue suhiltzaileen artean? Denetik dago, toki guztietan bezala. Batzuetan, hain harreman ona ez daukazun norbait egokitu dakizuke taldean, baina denok oso barneratuta daukagu babes zibilaren kontu hori, eta talde lanerako prest egoten gara beti. Ez dut ezagutu jendeari laguntzeko gogorik ez daukan lankiderik; guztiok daukagu sen hori. Oso oinarri indartsua da hori. 24 orduko txandak izaten dituzue. 24 ordu igarotzen dituzue lanean? Atsedenerako tarteak ere izaten ditugu. Bi egunetan banatzen dira 24 orduak, eta ikastaro bat izaten dugu egun bakoitzean. Baina bestelako lanak ere izaten ditugu. Ibilgailuak gainbegiratzen ditugu iristean, ea ezer falta zaien edo egoki dauden. Etxetxukun plana izaten dugu ondoren; egutegian jarrita edukitzen dugu egun bakoitzean zer gela edo toki garbitu behar dugun. Eta, azkenik, Ibilgarbi; egunero garbitzen dugu ibilgailu bat. Suhiltzaileak, orduan, ez zarete gora begira egoten alarmak noiz joko zain? Atsedenerako tarteak ere izaten ditugu, bai. Baina jendeak uste duen baino jarduera gehiago izaten da parke barruan. Ateak itxita ikusten ditu jendeak, eta lasai ederrean etzanda gaudela pentsatzen dute askok. Erabiltzen al dituzue filmetan ikusten diren barra horiek? Egon badaude, baina alarmak jotakoan nahikoa denbora egoten da eskaileretatik jaisteko. 2013an zu izan zinen Gipuzkoako lehenengo emakume suhiltzailea. Horrek eraginik izan al zuen kolektiboaren barruan? Berez, egungo hiru emakumeok gainditu genuen azterketa. Ehuneko batzuk gehiago neuzkan nik, eta horregatik deitu zidaten niri. Bitxia da, baina hirurok gainditu genuenean, parke guztietan emakumeentzako aldagelak egokitu zituzten. Nolako harrera egin zizueten? Oso ona. Beti egokitu daiteke artabururen bat, baina bere tokian jartzen dute gainerakoek. Lan poltsetan egon gara hirurok, eta parke guztietan ibili gara; alde horretatik, normalizatu egin da egoera. Eta zer-nolako harrera egin dizue gizarteak? Emakumeak garela ikustean, ohikoa izaten da denak guri begira jartzea; ez da oso sentsazio ona, baina pasatu beharrekoa da. Jendea harritu egiten da, baina harritzekoa delako harritzen da. Gure presentzia oso murritza da oraindik. Gure presentzia handitu ahala aldatuko da hori. Jendea ez da harritzen izatez atzerakoia delako, ezohikoa delako baizik. Hori da aldatu behar dena; ez du izan behar harrigarria. Emakumeak animatu behar ditugu etorkizunean suhiltzaile izan daitezen. Egongo al da aldaketarik etorkizunean? Bizkaian jada emakume batek lortu du lanpostu finkoa, eta Araban ere beste bat sartu dela uste dut. Oposizioetan, oraindik, oso apala da emakumeen presentzia; %1 inguru dela uste dut. Baina normala iruditzen zait. Ahalegin handia eskatzen du, eta ez da erraza emaitza ona lortzea. Suhiltzaile lanetik kanpo, Bergarako Martxanterak talde feministarekin ere aritu izan zara. Ez nago talde barruan, denborarik ez daukadalako. Baina haiekin dago nire bihotza. Ilusioz gainezka bizi izan dut mugimendu hori; Bergaran dagoen mugimendurik emankorrena dela esango nuke. Asko mugitzen dira. Taldea ez da handia, baina jende asko mobilizatzen dute. Gauzak egiteko oso modu parte hartzailea daukate. Bergaran, urte askoan, ez da ezer egon, eta lanerako gogoa dago. Izan ere, errealitate gogorra dago munduan… La Manada-ren epaiarekin argi gelditu da ez dagoela justiziarik. Lanetik kanpo oraindik ere irabazteko borrokak badauden seinale al da hori? 16 urteko alaba bat daukat nik, eta beldurra ematen du gauez bakarrik dabilela jakiteak. Baina hori lortu behar dugu. Lantokiko kide batekin aipatu nuen gure alabei ez diegula murriztu behar euren bizitza. Kontu horrekin borrokan aritzen naiz beti. Eurek nahi dutena lortzen dute erasotzaileek: neskek ibili behar dute kontuz, neskak ezin dira irten kalera.“Potentzia neurtzen dute probetan, eta emakumeok, fisiologikoki, ez daukagu gizonen oinarri berbera”
“Talde lana dago beti suhiltzaileen txanda bakoitzean, eta denetik behar da tresna kutxa horretan”