«Goierriko Bi Handiak izango da aurtengo nire helburu nagusia»
Ione Cerezok (Zumarraga, 1989) Goierri Trail Koparen bigarren edizioa irabazi zuen 2018an. Aurten ez da lehiatuko, haren helburu nagusia Goierriko ...
Ione Cerezok (Zumarraga, 1989) Goierri Trail Koparen bigarren edizioa irabazi zuen 2018an. Aurten ez da lehiatuko, haren helburu nagusia Goierriko Bi Handiak izango baita.
Beti izan al zara kirolzalea?
Mendira beti joan izan naiz, aitarekin. Txindoki ingurura asko joaten ginen, aitari Aralar asko gustatzen baitzaio. Kirola egiten nuen, baina ez gaur egun bezala. 20 urterekin edo, mendira gehiago joaten hasi nintzen. Bakarrik joaten nintzen, Izazpi ingurura batez ere.
Nolatan hasi zinen mendiko lasterketetan parte hartzen?
Pixkanaka. Mendian ibiltzen nintzen, jendea korrikan ikusten nuen, ni ere korrikan hasi nintzen…
Noiz hasi zinen?
Ez dira urte asko pasa hasi nintzenetik. Duela lau urte lasterketaren batean parte hartu nuen, baina duela bi urte hasi nintzen gogorrago. Lehen maratoia iaz egin nuen:?Beasaingo Marimurumendi.
Iazko denboraldia izan al zen serio hartu zenuen lehenengoa?
Bai. Duela bi urte mendiko lasterketetarako prestatzen hasi nintzen eta duela urtebete Goierri Trail Kopako probetan parte hartzea erabaki nuen, Marimurumendi maratoia prestatzeko. Ondo nenbilela ikusita, Goierri Trail Kopa lehiatzea erabaki nuen.
Zein da gehien gustatu zaizun proba?
Urretxu eta Zumarragakoa asko gustatzen zait, oso gorabeheratsua baita. Gainera, ibilbidea oso ondo ezagutzen dut, bertan entrenatzen baitut.
Ibilbidea ondo ezagutzea abantaila handia al da?
Abantaila bada, baina herrian aritzea ez da beti onerako izaten. Izan ere, herrian presio gehiago nabari duzu. Postu onena Gabirian lortu nuen:?hirugarren postuan sailkatu nintzen.
Aurten ere Goierri Trail Kopa lehiatu behar al duzu?
Ez. Izan ere, nire helburu nagusia Goierriko Bi Handiak proba izango da. Hori prestatzeko lasterketa luzeak egingo ditut. Dena den, Goierri Trail Kopako probaren batean ere parte hartuko dut.
Goierriko Bi Handiak prestatzeko zein lasterketetan parte hartuko duzun erabaki al duzu dagoeneko?
Luzeenak Nafarroa Xtrem eta Euskal Herria Mendi Erronka izango dira.
Zure senarra ere mendiko korrikalaria da. Goierriko Bi Handiak elkarrekin egin behar al duzue?
Ez. Berak maratoia egingo du. Berak duela urte batzuk egin zuen Goierriko Bi Handiak. Inguruan proba hau ezagutzen duen jendea dut.
Prestatzailerik ba al duzu?
Entrenamenduak Salto enpresakoek prestatzen dizkidate.
Epe luzera zure burua Ehunmilak proban ikusten al duzu?
Orain arte ez dut Goierriko Bi Handiak bezain proba luzerik egin. Denbora gutxi daramat mendiko lasterketetan parte hartzen eta ez dakit oraindik zein den hobekien doakidan distantzia. Nire distantzia zein den jakiteko parte hartu behar dut Goierriko Bi Handiak proban. Ondo moldatzen ez banaiz, maratoiak egokiagoak diren seinale. Goierriko Bi Handiak proban ondo moldatzen banaiz, berriz, beharbada egunean batean Ehunmilak egiten saiatuko naiz.
«Denbora gutxi daramat eta ez dakit zein den hobekien doakidan distantzia»
«Zegama-Aizkorri maratoia inguru honetako korrikalari guztion ametsa da»
«‘Gailurra Xtreme’ saioaren lehen edizioa ikusi ondoren, aurkeztea erabaki nuen»
«Alor guztietan dut hobetu beharra, baina batez ere aldapan behera»
Distantzia luzeetan ondo moldatuko zarela uste al duzu?
Bai. Izan ere, maratoian maratoi erdietan baino gusturago aritu naiz. Maratoi bakarra egin dut eta gainontzeko lasterketetan baino gehiago gozatu dut.
Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzen saiatu al zara?
Saiatu bai, baina… Ez dut inoiz esaten nire planen artean dagoela, parte hartu ahal izateko zozketan zortea izan behar baita, baina beti dago hor. Ez dut egunen batean parte hartu ahal izateko itxaropena galtzen. Inguru honetako korrikalari guztion ametsa da. Egunen batean parte hartu ahal izatea espero dut.
‘Gailurra Xtreme’ telebista saioan parte hartu duzu. Nolatan?
Lehen edizioa ikusi nuen eta casting-era aurkeztea erabaki nuen. Hartu egin ninduten eta sekulako esperientzia izan da. Oso polita. Merezi izan du. Kamerek ez naute beldurtu. Mendian zaudenean, kamerez ahanzten zara.
Zergatik merezi izan du?
Nahiz eta gogorra izan den, egunero gustuko duguna egiteko aukera eduki dugu. Gainera, jende asko ezagutu dut. Denoi mendia eta kirola gustatzen zaigu eta hori polita da.
Non entrenatzen duzu?
Ez dut denbora asko, eta normalean gertuko mendietan entrenatzen dut. Gehienetan Izazpi aldera jotzen dut. Denbora asko ez dudanean, igo eta jaitsi bakarrik egiten dut. Besteetan, Atxurtza edo Oleta aldera jotzen dut.
Zein duzu gustuko mendia?
Izazpi oso toki berezia da niretzat. Gainera, mendi polita da. Gabon zahar egunean urtero igotzen naiz.
Pirinioetara askotan joaten al zara?
Ez naiz asko joaten. Ez dut ohitura handirik. Hemen inguruko mendietan ibiltzen naiz, batez ere. Anboto eta Gorbea iaz ezagutu nituen.
Zein da zure ametsetako lasterketa?
Lasterketa garrantzitsu asko daude, baina ez dut proba zehatz batekin amets egiten. Nire ametsetako bat bidaiatzea eta bidaia horretan lasterketak egitea da, baina ez dut ametsetako lasterketarik. Lasterketen sonari ez diot garrantzirik ematen, tokiak ezagutzeari ematen diot garrantzia.
Denbora gutxi daramazu mendi lasterketetan. Zertan ikusten duzu hobetu beharra?
Oraindik hobetzen ari naiz. Alor guztietan dut hobetu beharra, baina batez ere aldapan behera. Aldapan gora hobeto moldatzen naiz. Ziztu bizian jaisteak beldur apur bat ematen dit oraindik. Dena den, hasieran egun baino beldur gehiago ematen zidan.
Senarra ere korrikalaria izatea ona al da?
Ez dakit. Ez dut korrikalaria ez den senarrik eduki! Dena den, ona dela esango nuke. Izan ere, ondo moldatzen gara.
Semea ere korrikalaria izango al da?
Mendian ibiltzea gustatuko zaion ez dakit, baina korrika egiten du behintzat…