Hurbilduko dituen errepidea, bidean
Urola Erdiko eta Urola Garaiko herritarrekin duen aspaldiko zorretako bat kitatzen hasteko asmoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak: Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea egokituko du. Bi herri horien artean
“Lehen ere hogei urte behar izan zituzten zubi bat egitera etortzeko, eta goiz bakarrean egin zuten” Mikel Labaka (Aizpurutxoko bizilaguna) “Onerako izango dira lanak; egiten ari diren bitartean sor daitekeen kaosak eragiten dit beldurrik handiena” Amaia Errazkin (Gi-631 errepidearen erabiltzailea) “Arazoa ez dute konponduko. Nahikoa da eskualdera enpresa indarstu bat etortzea bide hori kolapsatzeko” Pello Eizagirre (Gi-631 errepidearen erabiltzailea)Aldundiak espero du urtea bukatzerako amaituko dituztela Aizpurutxon egin beharrekoak, eta gero hasiko dira bigarren zatiko lanekin. Aizpurutxotik Urretxura arteko errepidea egokituko dute orduan. Hiru gunetan hirugarren erraila egingo dute, aurreratzeak errazteko, eta zenbait bihurgune egokituko dituzte. “Ea nola moldatzen diren lanak egiteko, errepidea ezingo baitute guztiz itxi”, esan du Labakak. Urola Erdia eta Garaia lotzen dituen errepide bakarra da. Errepidea zabalik dela egin beharko dituzte lanak, beraz. “Sekulako arindua” Amaia Errazkin azkoitiarra da izatez, baina Azpeitian bizi da, eta Urretxun lan egiten du. Astean bost aldiz egiten du joan-etorria. Aitortu du “poztu” egin zela errepidea berrituko dutela jakitean. “Egiten dutena hoberako izango delako”. Trafiko handia izaten da eguneko zenbait garaitan. “Dudarik gabe, eguerdi partea da astunena, 14:00ak-15:00ak inguru hori”. Errazkinen arabera, kamioi asko ibiltzen da, eta zirkulazioa moteltzen dute. “Errepidea estua denez, segurtasunez aurreratzeko leku gutxi daude, eta atzetik poliki-poliki joatea tokatzen da batzuetan”. Okerrenak zama berezia daramaten ibilgailuak direla azaldu du. “Haietakoren bat egokitzen bada, pazientziaz hartu behar, ez dago beste erremediorik; ezinezkoa da aurreratzea”. Horregatik, uste du ibilbideari “sekulako arindua” emango diola zenbait zatitan hirugarren erraila ateratzeak. Dena dela, Urretxura joan-etorrian dabilen hiru urteotan ez zaio egokitu errepidean denbora luzez geldituta egon beharreko egoerarik. “Errepidea moztu izan dute istripuen ondorioz, eta auto ilara luzeak sortu izan dira, baina ez nire parean. Errepideko lanengatik egin behar izan ditut geldialdirik luzeenak, eta, egia esan, horiek bai, nahiko sarri tokatzen zaizkit. Bestela, geldituta egon izan naiz harrobian leherketaren bat egin behar zutelako, baina, gainontzean, ez”. Errazkin jabetuta dago Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea moldatzeko lanen zailtasunaz. Aukerak asko mugatzen ditu alde batera mendia eta bestera ibaia izateak, eta baita ibilbide bera egiteko beste biderik ez egoteak ere. “Beldurrik handiena horrexek eragiten dit: lanak egiten ari diren bitartean sor daitekeen kaosak. Dena erabiltzaileon onerako izango dela pentsatu, eta pazientziaz hartu beharko dugu”. Errepideak hobekuntzak behar dituela uste du Pello Eizagirre Lurraldebuseko gidariak ere, “orain penagarri dago eta”. Ondo ezagutzen du bidea, Zumaia eta Zumarraga arteko zerbitzua ematea egokitzen zaionean egunean dozena erdi bat joan-etorri egin behar izaten baititu inguru horretan. Haren ustez, ordea, aldundiak esku artean duen proiektua “berehala” geldituko da txiki. “Arazoa arinduko du, bai, baina ez du konponduko. Krisiaren ondorioz, industria arloko enpresetako eguneroko jarduna asko jaitsita egon da azken urteotan, eta baita kamioien joan-etorria ere. Baina nahikoa litzateke eskualdera enpresa indartsu bat etortzea errepide hori kolapsatzeko. Hala gertatzen zen Corrugados martxan zenean”.