Espainiako Omnium urtarrilaren 19an eta 20an jokatuko da Mallorcan. Munduko Kopako kanporaketak Zeelanda Berrian eta Hong Kong-en jokatuko dituzte
Urtarrila hitzordu oso garrantzitsuz betea dator Usabiaga ahizpa txirrindulari ordiziarrentzat. Pistako Munduko Kopako kanporaketak eta Espainiako Elitezko Omnium Txapelketa jokatuko baitira hurrengo egun eta asteetan.
Albistea osatzeko unean, Zeelanda Berrira bidean zen Irene Usabiaga, urtarrilaren 18an, 19an eta 20an Cambridge hirian jokatuko den Munduko Kopara joateko hegazkina hartzeko minutu gutxi falta zirela. Handik, Hong Kong (Txina) aldera bidaiatuko du, han izango baitu Munduko Kopako hurrengo kanporaketa urtarrilaren 25ean, 26an eta 27an. Hong Kong-en erabakiko da zein txirrindulari joango diren Munduko Txapelketa jokatzera.
Munduko Kopako azken kanporaketetara «Irene ondo iritsiko da fisikoki», bere ahizpa Anaren hitzetan. Denboraldian, «bere buruarekiko urduritasuna» sentitu badu ere, «aurreko proban, Londresen Gabonak baino lehenago jokatu zena, erakutsi zuen berak uste baino hobeto dagoela». Londresen emaitza onak lortuta, «bere buruarengan konfidantzak gora egin du. Segurtasun handia du une honetan, izan ere, konpetizioak erakutsi baitzion berak uste baino indartsuago zegoela».
Omnium-a Mallorcan
Ana Usabiagak, bere aldetik, hilabete honetan jokatuko den beste txapelketa garrantzitsu batean parte hartuko du, Eustrak Euskadi taldearekin. Espainiako Omnium Txapelketan izango da lehian, hain zuzen ere. Mallorcako Palma Arenan izango du hitzordua, urtarrilaren 19an eta 20an, eta Elorrioko Ziortza Isasi izango du bidelagun.
Proba baino hamar egun lehenago «ondo sentitzen» da Ana. Lehen helburua «irabaztea» dela adierazi du. Dena den, badaki «erreza ez» dela izango, «ni Mallorcan egongo naizen bitartean, ahizpa Zeelanda Berrian egongo da, eta bera beti da niretzako laguntza handia».
Ahizparen falta somatuko badu ere, Ana da Omniuma irabazteko faborito nagusia: «Aurkari guztiek nire kontra jokatuko dute. Beraien artean nire kontra aliatzen badira, kasu horretan badakit zaila jarriko didatela. Baina hori horrela izanda ere, ahalik eta emaitza onena lortzera aterako naiz».
Horrelako probetan esperientzia handia duen emakumea da Ana Usabiaga, eta esperientzia hori beti da lagungarri. Beste behin ere, Espainiako Omnium probari «gogo guztiarekin» egingo dio aurre, «munduko txapelketa jokatzeko puntuazio onarekin mantentzeko». Orain arte, «beste titulu batzuk ere eskuratu ditut eta ahizpa nirekin izango ez bada ere, taldekideak ondoan izango ditut laguntzeko ,eta indartsu nago proba honi ere aurre egiteko».
Omnium proba jokatuta, ahizparekin elkartuko da Hong Kong-en. Munduko kopako kanporaketa jokatzeko. Skratch proba egingo dute batera, eta ahal duten paperik onena egiten saiatuko dira biak. Izan ere, Munduko Txapelketan parte hartzea dute helburu nagusia.