Parisko Rer Lineako MI2N trenak birgaituko ditu CAF-ek
RATPek (Régie Autonome des Transports Parisiens) eta Ile-de-France Mobilitesek CAFi esleitu diote 1995 eta 2005 artean fabrikatutako 43 RER MI2N unitate birgaitzeko proiektua. CAFek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, “proiektuaren bolumena 121,3 milioi eurokoa da eta gaur egun RATP eta Ile-de-France Mobilites RER A Trenak berritzeko bideratzen ari diren programaren baitan kokatu behar da. Helburua da birgatutako lehen trenak 2020an zerbitzuan sartzea”.
Tren horiek berritzeak linean dabiltzan unitateak “uniformeak izatea bermatu eta bidaiarien erosotasuna” hobetzen lagunduko du. Diseinu berriak interiorismo berria eta modernoa eskainiko du (barneko ijezketa, zoruak, bidaiarientzako oihalezko eserlekuak, LED argiztapena), eta unitateek kanpoko irudi berritua izango dute Île-de-France Mobilitésen gaur egungo nortasun bisualarekin bat eginez. Gainera, “tren guztiak bideozaintzako sistemekin eta bidaiarientzako informazio-pantailekin ekipatuta egongo dira, eta mugigarritasun murriztua duten pertsonen eta gidariaren arteko komunikazioa ahalbidetuko duen sistema izango dute”.
Ile-de-France Mobilites da Pariseko eremuko eta Ile-de-France eskualdeko gainerako eremuko garraio publikoaren sarean dabiltzan garraio enpresa ugariak kontrolatzeaz eta koordinatzeaz arduratzen den agintaritza. Bestalde, RATP (La Regie Autonome des Transports Parisiens) Pariseko metro-sarearen zein Frantziako hiriburuko eta haren metropoli eremuko hiriko eta hiriarteko beste garraio batzuen zein RER linea (Reseaux Express Regional, Pariseko aldirietako trenak) izenekoen zati baten kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoa da. “Zehatzago esanda, RATPek kudeatutako garraio-sarearen baitan dago Île-de-Franceko (RER) aldirietako trenen sareko 115 km-ko tartea. Linea horietako batean (A linean, zehatzago esanda) eskaintzen zuten zerbitzua orain arte CAFek birgaituko dituen unitateek”.
Kontratu berriarekin CAFek Frantzian duen “presentzia sendotu” egin da. Izan ere, CAFek proiektu ugari garatu du herrialde hartan eta horien artean aipatu beharrekoak dira hauek: Nantes, Besançon eta St. Etienne hirietarako tranbien hornikuntza; Lyongo metroko D lineako trenen flota birgaitzeko lanak; eta gaur egun CAFek Frantziako Bagneres de Bigorre (Pirinio Garaiak) udalerrian duen lantegian fabrikatzen ari diren tren-makina elektrikoen (dualak) hornikuntza.