Musika, dantza eta bertsoak bilduko ditu Igartza Musikaren ziklo berriak
Jokin Lasarekin hasiko da ziklo berria. Aukeran dantza konpainiak ‘Biz Hitza’ saioa eskainiko du. Eñaut eta Unai Agirrek bertso zaharrak kantatuko dituzte
Beste zortzi proposamenekin dator Igartza Musika ziklo berria. Bertakoa, kalitatezkoa eta aniztasuna dira Igartza Musikaren ezaugarriak eta ekainera arteko egitarauak horixe bermatu du. Formatu txikiko kontzertuez gain, Euskal Herri mailako eskenatoki handietan dabiltzan bi talde izango dira Usurbe Antzokian: apirilaren 6an Eñaut Elorrieta eta Kaabestri String Ensembleren Harian kontzertua eta maiatzaren 10ean, Maiatzan Dantzanekin bat eginez, Aukeran dantza konpainiaren Biz Hitza saioa. Bi emanaldi horietarako txartelak erosi beharko dira; gainerakoak dohainik dira.
Bertsolaritzak ere lekua izango du oraingoan, Eñaut eta Unai Agirrek bertso zaharrak kantatuko dituzte.
Hiru mila entzuletik gora
Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, erabat «egonkortutako» ekintza da Igartza Musika. «Igartzako jauregian eta herritarren artean musika txertatu da. 2018an, 16 kontzertutan, 3.100 entzule izan ziren. Aldasorok aurreratu duenez, Musikenerekin duten hitzarmena 2019an bukatuta eta «berritu egingo dugu».
Egitaraua
- Hilaren 27an. Jokin Lasa lazkaotarraren Hamaika gezur. Igartzako jauregian.
- Otsailaren 24an. Iñar Sastre piano jotzailea: Illusions-Zine esperimentala. Igartzan.
- Martxoaren 10ean. Donostiako Udalaren Txistulari taldea. Igartzako jauregian.
- Martxoaren 24an. Igartza Musika Bekaren irabazleen kontzertua Igartzan: Pablo Salvador Solari txiletarra (kontrabaxu jotzailea) eta Luis Gonzalez sevillarra (saxofoi jotzailea).
- Martxoaren 31n. Loinatz Abesbatzaren musika sakratua. Loinazko San Martin baselizan.
- Apirilaren 6an. Eñaut Elorrieta eta Kaabestri String Ensembleren Haria. Usurbe Antzokian.
- Maiatzaren 10ean. Aukera dantza konpainiaren Biz Hitza. Usurbe Antzokian.
- Ekainaren 14an. Eñaut eta Unai Agirreren, Auskalo zeinek jarria saioa, Imanol Kamio piano jotzailearekin. Igartzan.