Segurako Udalak 1,6 milioi euroko udal aurrekontu proiektua onartu du
Plaza ingurua eraberritzeko lanak Lurkide enpresari esleitu dizkiote azkeneko osoko bilkuran. Urtarrilean hasi eta sanjoanetarako lanak amaitzea aurreikusten dute
Segurako Udalak 2019ko udal aurrekontu proiektua onartu zuen osteguneko bilkuran: guztira, 1.642.397 euroko aurreikuspena egin dute, iaz baino 56.121 euro gehiago. EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Obrei dagokienean, gaztetxea zegoen eraikineko lehen solairuan herriko elkarteek erabiltzeko balio anitzeko gela egokituko dute. Eñaut Telleriaren esanetan, «elkarteek beraiek kudeatuko dute. Jendea antolatzeko leku txukuna egokituko dugu. Talde bakoitzak bere armarioa izango du, proiektorea jarriko dugu…». Bigarren solairua Gaztematikarentzat izango da. Bestetik, 20.000 jaso ditu aurrekontuak tenis pistan belar artifiziala jartzeko, futbol zelaiaren luzapen gisara. Dena den, Telleriaren esanetan, foru aldundiak eta futbol federazioak dirua jartzea onartzen badute egingo da lan hori. «Onartzen ez badute, futbol zelaiko aldagelak berritzeko erabiliko dugu partida hori».
Ardixarra Interpretazio Zentroak 15 urte beteko ditu aurtengo uztailean, eta bertan hainbat hobekuntza egiteko 8.000 euro aurreikusi dituzte. Eta obrekin amaitzeko, herri eskolaren sarreran estalpea jarriko dute eskola komunitatearen eskariz.
Era berean, hondakinekin lotuta, Hobeki elkarteari laguntza ematea ere onartu dute. «Hondakinak egoki kudeatzeko elkartea eta ondo funtzionatzen duten praktika onak bildu eta partekatzen dira». Hondakinen bilketa guneetako arazoa konpon- tzea ere jaso dute aurrekontuan.
Errefortzu akademikoa behar duten familientzako Lagunkide programa jartzea, mapa toponomiko digitala egitea eta Parekidetasun teknikariaren aukera aztertzea ere aurreikusi dituzte.
Azkenik, osteguneko osoko bilkuran, Mari Karmen Izeta udal langilea erretiroa hartzeko bidean denez, bere ordezko langilea kontratatzeko esleipena ere onartu zuten.
Plaza inguruko eraberritzea Lurkidek egingo du
Osoko bilkuran aho batez onartu zuten Errebote, plaza eta arboladi ingurua eraberritzeko lanen lehen fasea Lurkideri esleitzea (290.000 euroan). Urtarrilean bertan lanak hastea aurreikusten du alkateak, behin ikerketa arkeologikoa egin ondoren. Eusko Jaurlaritzak 255.000 euroko dirulaguntza emango du; 2018tik 2020ra, urtean 85.000 euro.
Errebote plaza herriko plazarekin elkartzea eta Errebote plaza Arbolariarekin batzea izango dira lanen bi helburu nagusiak. Plazan arauzko neurriak dituen pilota plaza berreskuratuko dute Erdiko kaletik Erreboteraino, tarteko petrilak botaz eta harrizko zorua jarriz. «Aldameneko petrilak mantenduko dira». Errebotean geratzen den espazioan, berdeguneak, mahaiak, iturria, aska eta haurrentzako jolasak jarriko dituzte. Bestalde, Errebotea eta Arbolaria eskailera eta aldapekin lotuko dituzte.
Ondoren erabakiko da estalpearekin zer egin.