San Sebastian jaiak ospatuko dituzte asteburuan Garinen
Festa giroa nagusituko da asteburuan Garinen, San Sebastianen omenezko jaietan. Larunbatean, 13:00etan hasiko dira festak, kanpai jotzearekin eta suziriekin. 14:00etan, herri bazkarian elkartuko dira auzotarrak Muñogain elkartean eta bazkalondoren, mus eta puntu txapelketak jokatuko dituzte. 17:30ean, haur jolasekin gozatzeko aukera izango dute pilotalekuan, aulki jokoarekin eta oskol bilketan. Jolasak amaitutakoan sari banaketak egingo dituzte eta jarraian, gaztaina jana sagardoarekin eta txokolatea bizkotxoarekin dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Musikak ere izango du lekua larunbatean arratsaldean eta iluntzean Garinen, Josu eta Amets trikitilariekin.
Igandean, 10:00etan, Beasaingo txistularien goiz eresiarekin hasiko da San Sebastian eguneko festa, eta 10:30ean, meza nagusia izango da. Eguerdian, 12:00etan, karraka doinuarekin batera, Garingo mendi lasterketa proba hasiko da; Goierriko Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria. 18 urteko korrikalariek har dezakete parte; gehienez, 300 laguneko muga jarri dute. 11 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute auzoko maldetan gora eta behera. www.rockthesport.com webgunean eman daiteke izena. 13:00etan egingo da sari banaketa. Jarraian, Beasaingo harrijasotzaileen erakustaldia izango da.