Basabe garagardo berria aurkezteko festa egingo dute Legorretan
Larunbatean egingo duten festan aurkeztuko dute Basabe garagardo artisaua eta dastatzeko aukera ere egongo da. Legorretako 39 herritar daude Basabe proiektuaren barruan
Geldirik egoten ez dakien herria da Legorreta, eta oraingoan ere badatoz beste ekimen berri batekin. Izan ere, larunbatean Basabe festa egingo dute. Basabe, Legorretako artisau garagardo berria da. Produktu berri hau herritarren aurrean aurkezteko asmoarekin, egindako garagardoa dastatzeko aukera ematea izan da pentsatu dutena.
Festa giroan egingo dute Basabe garagardo berriaren aurkezpena. Legorretan modu artisauan egindakoa da, eta legorretarrei aurkeztuko diete lehenik. Horretarako, larunbaterako, garagardo festa antolatu dute. Hitzordua 18:00etan izango da, herriko pilotalekuan. Garagardoaz gain, pintxoak ere egongo dira aukeran eta festa girotzeko, Andoni Ollokiegik kontzertua egingo du.
Garagardoa 1,5 euroan egongo da salgai. Garagardoa eta pintxoa, berriz, 2 euroren truke.
Herritarren proiektua
Pasa den urteko ekainean jarri zuten abian Basabe Garagardoak proiektua, Markel eta Borja Urretabizkaia anaiek, Urtzi Larreak eta Iñigo Lasak, hain zuzen ere. «Forma nola eman pentsatzen hasi ginen, bi aukera genituen, zaletasun moduan egitea, edo seriago hartzea, eta afaltzen geundela, mahai baten bueltan, bigarren aukeragatik jo genuen», azaldu du Markelek.
Gertuko hainbat herritarri proposamena bota, eta egun 39 legorretarrek osatutako kooperatiba modukoa dute. Helburua, bertako produktua modu artisauan ekoiztea da.