Euskal Herrikoko mus txapelketako kanporaketak Mutiloan, Idiazabalen eta Itsasondon
Euskal Herriko mus txapelketako kanporaketak jokatuko dira asteburuan Mutiloan, Idiazabalen eta Itsasondon. Kasu guztietan, parte hartzen duten bikoteen arabera zehaztuko da Gipuzkoako finalerako txartela eskuratuko dutenen bikote kopurua.
Mutiloan bihar izango da, 21:30ean, Txerri Gorri elkartean; ordu laurden lehenago irekiko da izen ematea. Bikoteko 20 euro ordaindu behar dira. 8 erregetara eta hiru usteletara jokatuko da. Bikote irabazleak arkumea eta ondutako bi ardo botila jasoko ditu, udalak eskainita. Bigarren bikoteak, Mutiloako Ostatuak emandako bi pertsonentzako eguneko dastatze menua irabaziko du.
Idiazabalen larunbatean jokatuko dute, Axari elkartean, 16:00etan. Ordu erdi lehenago irekiko da izena emateko epea eta 20 euro ordaindu beharko da bikoteko. Muslari txapeldunek Xume tabernak emandako afaria irabaziko dute eta bigarrenek, Kimu Elkarteak emandako gazta. Parte hartzaile bakoitzak ardo botila bana jasoko du.
Itsasondoko kanporaketa ere larunbatean jokatuko da Kaxintane tabernan, 16:00etan; 15:30ean irekiko da izena emateko epea. Kasu horretan ere, 20 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak.
Datorren asteko kanporaketak:
- Urtarrilak 25: Lazkaoko Gerriko elkartean, afaria (20:30) eta mus saioa (22:00)
- Urtarrilak 26: Beasaingo Basakana tabernan (15:30).
- Urtarrilak 26: Zegamako Tartalo Etxe elkartean (ordua zehaztu gabe)
- Otsailak 2: Arriarango Intxaurpe elkartean (16:30)