«Hobeto lo egiten dut orain, lasaitasun hori nabaritu dut»
Urte berriarekin batera erretiroa hartu du Hilario Urretabizkaiak, Beasaingo udaltzainburuak, 38 urte eta erdian udaltzain lanean aritu ondoren. Herriari errepasoa egin dio beasaindarrak.
Urtarrilaren 2a izan zuen azkeneko lan eguna Hilario Urretabizkaia udaltzainburuak (Beasain, 1957), Kepa Amundarain eta Kepa Apalategi udaltzainek bezala. «1980ko uztailaren 1ean sartu ginen Amundarain eta ni, eta batera bukatu dugu biok». Iker Barriocanal beasaindarrak hartu du udaltzainburuaren lekukoa.
Zer moduz jubilatutako lehenengo egunak?
Hobeto lo egiten dut orain, lasaitasun hori nabaritu dut. Ardura edukitzeak asko markatzen zaitu, beti adi zaude eta. Nahiz eta egitura ona eduki barruan, eta egia esan ez daukat kexatzerik, beti daukazu kezka bat.
Kosta egingo da kalean udaltzain begiekin ibili beharrean herritar arruntaren begiekin ibiltzea.
Gehiago kostatzen ari zait, bai. Zalantzarik ez dago, herritar bezala ere, zerbait gaizki ikusten badut, esango nukeela. Baina 38 urteren ondoren kostatuko zait herritarren begiekin ibiltzea.
Nolatan erabaki zenuen udaltzain izatea?
Langabezia handia zegoen 1980ko hamarkadan. Ni ere langabezian nengoen, soldadutza bukatu berria nintzen, eta aukera bat ikusi nuen. Aita zena ere udaltzaina izan zen eta aitak animatu ninduen probatzera. Hiru lagun aurkeztu ginen azterketara, bi plaza zeuden eta Amundarain eta biok sartu ginen. Handik sei hilabetera beste bi sartu ziren. Azkenerako, boskote-seikote nahiko gaztea osatu genuen.
Garaiak asko aldatu dira.
Izugarri! Funtzioak lehen ere hor zeuden, baina formakuntza aldetik asko aldatu da. Ertzaintzarik ez zegoenez, udaltzainek egiten zuten dena. Guardia Zibila hor zegoen, baina ez zen gauza askotan sartzen. Formaziorik ez geneukan, inongo ikasketarik gabe sartu ginen. 1983rako Ertzaintza martxan zegoen, eta kokatzen joan ginen. Arkauteko akademia ere sortu zen eta aukera izan genuen hara joateko. Orain, ezinbestekoa da Arkautera joatea.
Zirkulazioa zaintzea eta antolatzea izaten da udaltzainen funtzioetako bat. Beasain bera ere asko aldatu da.
Asko aldatu da hori ere. Indar, Garaje Moderno… enpresa horiek herrian zeudenean, trafiko handia izaten zen, eta lan txanda osoa kale horretan egoten ginen trafikoa bideratzen.
Gaur egun, eskola garaia izango da korapilatsuena.
Bai. Gure lana neguan eta udan asko aldatzen da. Eskolek herriko bizitza baldintzatzen dute. Iaz hasi ginen 08:00ak aldean Zaldizurretako biribilgunean jartzen, trafiko handia pilatzen da eta. Institutua ere handitu egin da, langileak ere hortik joaten dira… saltsa handia egoten da.
Gaur egungo puntu beltzak zeintzuk dira?
CAFeko sarrera nagusikoa, adibidez. Nik uste dut hemendik gutxira irtenbidea izango duela bi noranzkoak berreskuratuta.
Barrendain plaza?
Gauza asko daude Barrendain plazan: autoak, oinezkoak, bizikletak, eta pilaketak sortzen dira. Orain Igartza-Oletan bi noranzkoak berreskuratzea nahi dute, eta beldur naiz, trafikoa Oriamendi kaletik etorri eta Garmendia Otaola kaletik behera joango dela. Espero dut nik arrazoirik ez izatea, baina pilaketa gehiago sortzeak kezkatzen nau. Zumarraga aldetik datozenak Trenbide kaletik joaten dira orain, baina jendeari zuzen etortzen uzten bazaio, asko zuzen etorriko dira.
«Formaziorik ere ez geneukan,
inongo ikasketarik gabe sartu ginen»«38 urteren ondoren, kostatuko zait
kalean herritarren begiekin ibiltzea»
Oriamendi kaleak zer esana eman izan du.
Oriamendi kaleko obra egin zen, eta nik orain ez nuke aldatuko. Nire ustez, obra bat egin, eta nahiz eta gustukoa ez izan, eutsi egin behar zaio pixka batean, eta agian beste toki batzuk ukitu.
Beasainen badaude beste kale batzuk, Esteban Lasa eta San Inazio, obra bat merezi dutenak. Udaletxean ari dira aztertzen. Zerbait lortzea badago.
Bidegorriak eta bi noranzkoen gaiak sortzen dute eztabaidarik handiena.
Bai. Bidegorri guztia behetik doa, Ordiziatik kiroldegiraino. Beste bat sortu behar bada, aztertuta egin behar da, pusketek zer zentzu daukate? Baina bere garaian egin zen eta orain atzera bueltatzea… nik itxoin egingo nuke. Bestalde, Oriamendin bi noranzko jarriz gero, Erauskin plazara trafiko gehiago eramaten ari zara, nahiz eta gero buelta eman beharko duen, eta Oriamendi kaleak trafiko gehiago izango luke. Ibañezeko lotura ixtean Oriamendi kaleko bizilagun batzuk kexatu egin ziren, buelta osoa eman behar dutelako. Ados. Baina orain galdetuko nieke ea nahiko luketeen lehengora bueltatu, bi noranzkorekin, eta trafiko gehiagorekin.
Udal agintariek kasu egiten die udaltzainburuaren iritziari?
Azken urteetan hartu diren erabaki gehienak, azterketa batzuen ondorioz hartutakoak dira. Azterketa horiek kanpoko enpresek egin dituzte baina udaltzainburuak ere parte hartu du hor, informazio asko gugandik atera dute. Erabakiak azterketan oinarritutakoak izan dira. Baina hartu duten azken erabakian, Erauskin plazakoan, parte handia daukat. Asko bultzatu dut hori.
Zergatik?
Ikusten nuen bagenuela hor zati bat, trafiko askorekin: Ibañezetik trafiko asko sartzen zen eta oinezkoen gunea bi zatitan geneukan. Bi zatiak lotzea eta dena oinezkoentzat izatea lortzea proposatu nion alkateari, proba bat egiteko bolada batean, atzera bueltarekin. Proba oso ondo atera zen. Dudarik ez dago kaltetu batzuk badaudela, Oriamendiko hasierakoak. Baina ez dugu ahaztu behar hortik gertu, Kutxa gainean bizi direnak, nahiz eta Oriamenditik gertu egon, bizi guztian buelta osoa emanez ibili direla. Niretzat, azken lana bezala izan da Erauskingoa.
Aparkalekuei dagokienean, zer esan dezakezu?
Herrigunetik oso gertu dauden bi aparkalekuak dira kanpotik datozenek baloratzen dutena, eta guk ez dugu hainbeste baloratzen. 2004an azterketa egin genuenean, aparkaleku gehiago zeuden kotxeak baino. Horrelako beste herririk ez dagoela esaten ziguten azterketa egin zutenek. Badaude gune batzuk autoz nahiko beteta daudenak, baina posizio onean gaude. Baina autoak gero eta gehiago daude, eta etorkizunera begira zerbait pentsatu beharko da.
TAO-ak lagundu du aparkaleku arazoa konpontzen?
Erosketak egitera datorrenak lekua izatea lortu du. Kaleak autoz beteta zeuden, autoak aste guztian mugitu gabe egoten ziren eta nola edo hala lortu behar zen geldi zeuden autoak mugiaraztea. Egia da TAOk aukera ematen duela etxetik gertu aparkatu ahal izateko. Positiboa izan da.
Lapurretak, indarkeria matxista kasuak, gaueko liskarrak… Horiek ere hor daude.
Gai horiek batez ere Ertzaintzaren esku daude, baina guk Ertzaintzarekin dugun harremana zuzena da. Beasainen momentu honetan elkarbizitza arazoa Arana kalean ikusten da. Momentu honetan, alkateak mahai bat osatu du hainbat eragilerekin, bi hilabetean behin biltzen da… Hor ikusten dira zeintzuk diren arazoak, irtenbideak…