Idiazabal gaztaren postu berri bat, Idiazabaldik
Arkumearen prezioa egonkortu egin da, eta ardi esnea eta gatzagi naturala salgai dira ferian; kanpoko produktuen artean, aukera, zabala Nafarroatik eta Valentzia aldetik .
Gaztagintzak segida badu Domingo Goiburu zenarenean. Bastero esanez ezagutua zen Domingo, eta haren ondorengoa hartu du Abel semeak ama Juanita Irastortza lagun eta irakasle duela. Idiazabal jatorri izendapeneko Goiburu gazta saltzera etorri zen atzo lehen aldiz Naroa Irigoien erraina Ordiziako feriara. «Aitari ikasita eta amaren laguntza paregabeari esker, gaztagintzan ari da Abel», azaldu zigun. Gazta zaharra (20 euroan kiloa) dastagai eta salgai zuen. Laster berria ekartzen hasiko dela ere adierazi zigun Naroak. Iraunkortasuna bermatzea bezeroei dagokigu.
Mami zaleentzat oraintxe aukeran ardi esnea. 2,40 euroan litroa Axun Etxeberriaren postuan, baita gatzagi naturala ere, 1,5 euroan. Makina bat mami egin daiteke proportzio txiki horrekin, eta erabilerari buruz Axun berak ederki azaltzen du nola.
Arkumearen prezioa, berriz, joan zen astean bezalaxe dago, 3,50 euroan kiloa bizirik pisatuta. «Aberasteko kuidadua zegon!», adierazi digu umore zorrotzez Ander Barandiaran artzainak.
Landatzeko zuhaitzak
Joan zen astean zuhaitzak aldatzeko garaian geundela aipatu genuen. Hauxe da Dorronsoro ataundarrak, momentuz saltzaile bakarra, Juan Amezketa kalean duen eskaintza. 6 euroan fruta arbola hauek: udarea, gerezia, arana, muxika, brinoia, albertxikua, mizpira, gaztaina, hurra, intxaurra, irasagarra eta sagar mota ezberdin ugari, sagardotarako erabili ohi direnak eta baita jatekoak ere (reineta eta errezila omen dira salduenak). Garestixeago dauka kiwia, 10 euroan, eta intxaur txertatua, 25 euroan. Basoko arbolei dagokienez, pagoa 0,9 euroan, haritza 1,5 euroan eta lizarra euro batean.
Kanpoko produktuak
Jadanik baratxuri freskoak salgai badaude ere, udaberriko hemengo lehen barazkiak ilarra, baba eta patata berria izango dira, baina oraindik hilabete batzuk itxoin beharko da.
Kanpotik, Murtziako eta Valentziako baratzeetatik ekarriak, salgai dira baba berria (2,5-4,5 euro artean kiloa) eta ilarra (4-6,5 euroan kiloa, leka eta guzti).
Frutei dagokienez, marrubia 5,5-6,25 euro artean dago salgai kiloa, eta hemen, berriz, oraintxe marrubi landarea salgai 0,80an euroan. Itsasoz bestaldetik, Txile eta Argentinatik ekarritako gereziak ere ikusten dira 11-14 euro artean. Hemen nekez lortuko genituzkeen mandarina (2,5-3,5 €/k) eta laranja (1-2,5 €/k) dira salduenetakoak. Nafarroako kardua (4-4,5 €/bakoitza) eta orburua (5-7,5 €/dozena) ere estimazio handikoak dira.
Norberaren aukeran, beraz, nongoa eta noiz jan.