Itsasoko udaletxeko sarreraren irisgarritasuna hobetzeko lanetan ari dira
Eliza pareko errepide zatia konpontzen ari dira bide batez. Alegitik irtenda oinezkoek modu seguruan errepidea gurutzatzeko zebra-bide babestua ipintzen ari da aldundia
Itsasoko bizilagunei zuzenean eragiten dieten hiru hirigintza lan egiten ari dira egunotan. Udalak bakarraren kudeaketa dauka. Hain zuzen, udaletxearen sarbidea irisgarri bihurtuko duen lanena. Sarrera egokitu dute eta arrapala bat egin dute. Bide batez, hirigintza lanak egiten ari dira eliza pareko errepide zatian.
Gorka Sasieta Itsasoko alkateak azaldu duenez, «Europako Leader programatik datorren diru laguntza jasoko dugu udaletxean hainbat lan egiteko». Sarrerarena lehenengo fasea da eta 79.000 euro inguruko aurrekontua dauka. Ondorengo faseetan teilatua eta ganbara konpontzeko asmoa daukate.
Itsason egiten ari diren beste lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daude. Ormaiztegiko, Gabiriako eta Itsasoko udalek aldundiari eskatu zioten oinezkoek Alegitik Ormaiztegira doan bidea modu seguruan egiteko azpiegitura sortzea. «Orain artean errepidea gurutzatu behar zen eta ez zen segurua», dio Sasietak. Izan ere, Irizar lantegiko errotondan amaitzen da Ormaiztegitik datorren bidegorria, eta oinezkoek derrigor gurutzatu behar izaten dute errepidea Alegira joateko edo handik ateratzeko. Aldundiarekin hainbat bilera egin ondoren, Alegi aldetik dagoen espaloiari jarraipena emango diote eta zebra-bide bat ipiniko dute gurutzatzeko. Autobus geralekua dagoen tokian geratuko da, Ormaiztegitik Zumarragara doan norabidean, baina beste norabidean dagoena tokiz aldatuko dute eta Gabiriako aldean, Aroztegi baserriaren parean jarriko dute. «Espaloiari itxura eman diote jada eta aste gutxitan lanak amaituta egongo di-
rela uste dugu», adierazi du Sasietak.
Ura Maduron
Hirugarren lana aspaldian ur arazoak sortu diren Maduro zelaian egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Autobidea egin zutenetik eta AHTko lanen harira, urak bideratu zituzten eta Maduro izenez ezaguna den zelaia, Alegin, putzu bihurtzen da euri asko botatzen duenean. Aldundiari arazoa azaldu zioten eta hormigoizko kanalizazioa egiten ari da.