Izagirre anaiek estreinatu dute Goierriko sagardo berria
Goierriko zazpi sagardotegiek gaur zabaldu dute, ofizialki, txotxeko denboraldia. Izagirre anaiek izan dira irekierako gonbidatu nagusiak. Aurtengoa "gorputz handiko sagardoa" izango dela diote.
“Hau da Goierriko sagardo berria!” esanez zabaldu dute Izagirre anaiek Goierriko txotx garaia. Eskualdeko zazpi sagardotegietako kideak bildu dira gaur Zeraingo Oiharten. Aurtengoa “gorputz handiko sagardoa” izango dela aurreratu du Haritz Eguren Oiharte sagardotegiko arduradunak. Udaberri bustia izan zela gogorarazi du, eta ondorioz, erleek ezin izan zutela polinizazioa behar bezala egin; hori dela eta, “fruta gutxi” etorri dela dio, baina dagoena “kalitatezkoa” dela.
Gorka eta Ion Izagirre izan dira aurten lehendabiziko txotxa probatu dutenak. Sagardotegietan “betidanik” ibili direla esan du Ionek, eta “tarteka trago batzuk” hartzen dituztela, nahiz eta “gehiegi ez komeni”. Sagardotegietan “familiako tratua” izaten dela azpimarratu dute eta “familiarekin, lanekoekin edo kuadrillan etorri, giro polita” izaten dela.
Maiatzera arte egongo da Goierriko zazpi sagardotegietan txotxetik edateko aukera, nahiz eta gehienek urte osoan zabalik izaten duten jatetxea. Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak, sagardotegi horiek “Euskadi Gastronomika klubeko kideak” direla gogorarazi du, eta horrek “kalitatezko sagardotegiak diren bermea” ematen duela.
Goierriko sagardotegiak:
- Aulia (Legorreta)
- Etxe-zuri (Olaberria)
- Oiharte (Zerain)
- Olagi (Altzaga)
- Otatza (Zerain)
- Txismista (Ordizia)
- Urbitarte (Ataun)