Legazpiko Udaltzainek autonomia gehiagoko auto elektrikoa dute
Udalak 2014an erosi zuen lehenengo auto elektrikoa. Aurrekoak baino autonomia gehiago du udaltzainen auto berriak. Ibilgailuaren prezioa 21.840 eurokoa da.
Legazpiko Udalak auto elektriko berria erosi du. Udaltzaingoak erabiliko du eta aurretik zuten auto elektrikoa ordezkatuko du. Ibilgailu berriak autonomia gehiago dauka, hau da, kilometro gehiago egin ditzake karga bakarrarekin. Hain justu, lehengo autoak 60-80 kilometroko autonomia zuen eta oraingoak 120-140 kilometrokoa.
Auto elektrikoaren funtzionamenduarekin gustura egon dira udaltzainak, baina autonomia lanaldi osorako ez zela nahikoa eta berriagatik ordezkatu dute.
Ibilgailu berriaren beste ezaugarriak aurrekoaren oso antzekoak dira. Renault Kangoo Z.E modeloa da eta bost plaza ditu. Autoaren prezioa 21.840 eurokoa da.
Kargatzeko puntua
Orain bi auto elektriko ditu Legazpiko Udalak eta udal gobernutik diotenez, «mugikortasun iraunkorraren eta ingurumenarekiko errespetuaren aldeko apustuari eusten diogunaren adierazle dira».
Legazpiko Plazaolako aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko puntua dago iazko uztailetik.