Antzerkirako sasoia iritsi da Goierrira
Gaztelerazko bi antzezlanekin estreinatuko da gaur antzerkirako sasoia Goierrin. Ordiziako eta Beasaingo udalek antolatzen duten Antzerki Garaia zikloa gaur zortzi zen hastekoa Ordizian, baina bertan behera gelditu zen azkenean The Primitials-eko antzezleetako bat gaixo zegoelako. Horrenbestez, Txalo produkzioen Juntos antzezlanak –Gorka Otxoa da aktoreetako bat– emango dio hasiera aurtengoari, Beasaingo Usurbe antzokian. Bi saio egingo dituzte, 20:00etan eta 22:15ean. Zumarragako Zelai Arizti antzokian, berriz, Bellas y bestias komedia satirikoa taularatuko dute, 22:30ean.