Baserritik itsasontzira
Arto-malutek arrainen itxura hartzen dute olatu artean, eta garai bateko arrantzaleek atunak arrantzatzeko baliatzen zituzten. Gaur egun, galdu egin da teknika hori, baina lantegi didaktikoa egingo dute Ezkioko Igartubeiti baserrian.
Egun, arrain txikiak eta material sintetikoak erabiltzen dira atunak erakartzeko, eta atzera gelditu dira iraganeko teknikak. Halere, ezagutza gal ez dadin, Aitor Buitronek, Donostiako Untzi Museoko hezkuntza arduradunak, lantegi didaktiko bat eskainiko du Ezkioko Igartubeiti baserrian, urtarrilaren 26an. “Kantauri itsasoan erabili izan diren arrantza teknikak jorratzen ditugu Untzi Museoan, kazan eta xaxian teknikak, besteak beste. Artomalutaren erabilera da teknika hauen berezitasuna”, azaldu du Buitronek berak.
Artaburua estaltzen duen hostoa da artomaluta. “Itsasoratu aurretik, malutak garbitu, zuritu, lehortu eta metalezko orrazi batekin zatitzen ziren, eta itsasontziaren mugimenduarekin, bizirik dagoen arrain baten itxura hartzen zuen”, dio Buitronek. “Amua estaltzeko erabiltzen zen maluta”, borobildu du.
Atuna nahastu, eta, arrainari kosk egingo diolakoan, amua irentsaraztea da helburua. Sinplea eta eraginkorra. “Zehatz-mehatz ez dakigu noiz hasi ziren teknika hau erabiltzen, baina XVIII. mendearen inguruan kokatzen dute adituek”, argitu du hezkuntza arduradunak. Kontuan izan behar da XVI. mendera arte euskal herritarrek ez zutela ezagutu artorik, eta urteak behar izan zituztela uzta oparoak izateko teknikak garatzeko.
Halere, Buitronek azpimarratu du artomaluten erabilera ez dela soilik Euskal Herrira mugatzen, Kantauri itsaso guztian baitzegoen zabalduta. “Portu bakoitzak bere berezitasunekin prestatzen zuen amua. Esaterako, toki bakoitzean desberdin egiten zen maluta pitara lotzeko korapiloa. Forma desberdin horiek ezagutuko ditugu Igartubeitiko lantegi didaktikoan”.
Denbora igaro ahala, zaharkituta gelditu dira iraganeko arrantzaleen trikimailuak. “Baserri munduarekin gertatu bezala, arrantza mundua ere aldatzen ari da”, azaldu du Buitronek. Bere esanetan, arrantzaren pisua txikitu egin da gizartean, eta sektorea garatu eta profesionalizatu egin da. “Donostiako portua da horren adibide argia. Jada ez dago arrantzontzirik. Eta inguruko portuetako arrantzontziak asko industrializatu dira”. Gainera, itsasoko espezieen bizirautea bermatzeko neurriak zorrotzagoak dira orain, eta horrek, askotan, mugatu egiten ditu arrantzaleak. “Nazioarteko hainbat batzordek erabakitzen dute herrialde bakoitzak zenbat kilo arrain har dezakeen. Gertatu izan da sasoi batean espezie bat ezin arrantzatzea egoera larrian zegoelako”.
“Garbitu, zuritu, lehortu eta zatitu egin behar dira malutak.
Mugitzean, bizirik dagoen arrain baten itxura hartzen du”“Era tradizionalean egiten da hegaluzearen arrantza.
Hori da modu jasangarrian egiteko biderik errazena”Aitor Buitron (Untzi Museoko hezkuntza arduraduna)
Beharrak, halere, izan ditzake bere abantailak: “Hegaluzearen arrantza, esaterako, era tradizional eta jasangarrian egiten da oraindik. Izan ere, hegaluzearen egoera dela eta, baxuak dira kuotak”, argitu du Buitronek. “Era tradizionalean arrantzatzea da modu jasangarri batean egiteko biderik errazena”. Izan ere, bananbanan harrapatuta, handiagoa da arrainen kontrola.
Banaka arrantzatu arren, aldaketak izan dira mendeotan. Arrantzaleek, egun, puntapuntako teknologia erabiltzen dute arrainek ihes ez egiteko. Baina, duela hiru mende, artomalutena zen eskura zeukaten teknologiarik puntakoena: “Garai haietan ez zuten material sintetikorik, eta hurbilen zituzten baliabideak erabili behar izaten zituzten. Esaterako, oso ohikoa zen bisigutarako artilea erabiltzea”; gogorra eta iraunkorra da ardi latxaren artilea, ur hotzetan irauteko egokia. Artoa ere ongi mantentzen da hilabeteetan; izan ere, udaberrian landatzen da eta udazkenean jaso; udan izaten da atunaren arrantza.
Nekazariak, kostatik gertu
Nekazal mundua eta kostaldea ez daude horren urrun. “Harreman zuzena izan dute bi munduek”, baieztatu du Buitronek. “Iraganean oso ohikoa zen arrantzontzietan Goierri edo Nafarroa iparraldeko nekazariak izatea. Nekazari askok itsasora jotzen zuten uzta jasotzeko garaia ez zenean”. Azkar trukatu zuten batzuen eta besteen jakinduria, eta teknika berriak garatu zituzten. Tartean, artomalutaren erabilera eta bisigutarako artilea.
Sagardoak ere ongi egiten ditu baserri eta arrantza munduen arteko zubi lanak: XVI. mendean hilabete askoko bidaiak egiten zituzten euskal arrantzaleek, eta eurekin eramaten zuten sagardoa. Izan ere, alkoholari esker, ez da usteltzen, eta eskorbutotik babesten zituen arrantzaleak. “Azken finean, nahiz eta herri industrializatua garen, ez dugu ahaztu behar nekazaritzak eta arrantzak harreman ekonomiko bat sortu dutela gure herrian”. Arrantza izan zen garai bateko Euskal Herriaren motorra, baina nekazaritzak ematen zizkion arrantzak behar zituen baliabideak.