Goierriko sagardogileen uzta dastatzeko garaia
Euskal Herriko sagardotegian 11,78 milioi litro sagardo egin dira aurten. Sagarrondoek sagar gutxiago eskaini dituzte, baina kalitate handikoa. Goierriko sagardogile guztiak gustura daude aurtengo uztarekin.
Aurreko hilabeteetan egindako lanaren emaitza dastatzeko garaia iritsi da Legorretako Aulia, Olaberriko Etxe Zuri, Zeraingo Oiharte, Altzagako Olagi, Zeraingo Otatza, Ordiziako Tximista eta Ataungoo Urbitarte sa-
gardotegietan.
«Euskal Sagardoa egiteko Idiazabaldik ekarri behar izan dugu sagarra»
Iñaki Begiristain. Aulia (Legorreta)
Abenduaren 1ean ireki zituzten upelak Aulia sagardotegian eta ekainaren erdialdera arte izango dute irekita. Bertako sagarra lortzeko zailtasunak izan dituzte aurten: «Euskal Sagardoa egiteko Idiazabalgo sagasti batetik ekarri dugu eta hiru upel egin ahal izan ditugu. Beste guztia kanpotik ekarri behar izan dugu». Hala ere, sagardo «ona, gorputz handikoa» dela nabarmendu du.
«Gure sagar produkzioa daukagu eta guretzako adina beti edukitzen dugu»
Garbiñe Garmendia. Etxezuri (Olaberria)
Astotxo eguna pasa ondoren, denboraldi bete-betean sartuko dira Etxezurin, Lazkaoko jaiak arte. Etxeko sagarrarekin egin dute sagardo guztia: «Gure sagar produkzioa daukagu eta guretzako adina beti edukitzen dugu. Gutxi emanagatik guretzat beti daukagu, abantaila hori daukagu. Soberan izaten duguna saldu egiten dugu, aurten gutxi. Txirirako sagardoa egiten dugu, ez dugu botilaratzen». Emaitzarekin ere gustura daude: «Sagardo ona dago, oso ona».
«Bizkor dator aurten sagardoa, gorputz handikoa da»
Haritz Eguren. Oiharte (Zerain)
Txotx denboraldia gaur (20:00) zabalduko dute; Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariekin eta trikitilariekin; maiatzera arte egunero irekiko dute, astelehenetan izan ezik; hortik aurrera, asteburuetan. Aurten «bizkor dator» sagardoa: «Sagar gutxi izan da, baina kalitatekoa, eta horrek emaitza izan du, gorputz handiko sagardoa da». %90a bertakoa da; Galiziatik ekarri dute gainerakoa. Sagardo naturalaz gain, aparduna eta izotzezko sagardoa ere badituzte.
«Upel bakoitza berezia da, eta hori da polita»
Jose Antonio Olano. Olagi (Altzaga)
Urte osoan zabalik badute ere, hilaren 26an irekiko dute ofizialki txotx garaia, Iban Urdangarin bertsolariarekin eta Iñaki Larrañaga eta Eneko Dorronsoro trikitilariekin. Aurreko urteetan ez bezala, aurten kanpotik –Normandiatik– ekarri behar izan dute sagarra: «Oso sagar garbia da, eta sagardo berezia atera da, ezberdina». Urtetik urtera eta upel batetik bestera dagoen aldeak egiten du berezi sagardoa: «Upel bakoitza berezia da, eta hori da polita».
«Sagardo biziagoa egiten hasi gara»
Jose Antonio Iparragirre. Otatza (Zerain)
Gaur iluntzean irekiko dute txotx denboraldia –apiril bukaera arte– Otatzan Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal eta Mikel Tapia bertsolariekin eta suhiltzaileekin. Aurtengo berrikuntza da ostiral eguerdietan, enkarguz, bazkariak emango dituztela. Sagarra «bakan» izan dute aurten eta Galiziatik eta Normandiatik ekarri dute. «Sagardo biziagoa» egiten ari dira azken aldian. Horretarako, «sagarra agorrean, heldu baino lehen bota eta biltzen dugu. Proba horrekin hasi gara».
«Gure erronka da hemengo sagarrarekin sagardoa egitea, eta lortu dugu»
Amaia Blazquez. Tximista (Ordizia)
Abenduaren 16tik irekia dute txotx denboraldia Tximistan: «Jendea gogoarekin da-go eta lehenengo inpresioa ona izan da, jendea gustura gelditu da». Tximistakoak ere gustura daude aurtengo sagardo ekoizpenarkin: «Gure erronka da hemengo sagarrarekin sagardoa egitea, eta kostata, baina lortu dugu %100 horrela izatea». Sagar zukua ere egiten dute sagardotegian edateko.
«Uztailean barietate bakarreko beste produktu bat aterako dugu»
Demetrio Terradillos. Urbitarte (Ataun)
Hilaren 11tik dago sagardo berria dastatzeko aukera Urbitarten. Asteazkenetan izan ezik, egunero zabaltzen dute. Aurtengo sagardoarekin «oso-oso gustura» daudela dio Terradillose, Galiziatik eta batez ere Bretainiatik ekarritako sagarrekin «gorputz handiko» sagardoa egin baitute. Saarte kriantza ardoarekin batera, «uztailean barietate bakarreko beste produktu bat» aterako dutela aurreratu du.