Boluntarioei eskerrak emateko festa
Ehunmilak lasterketaren antolatzaileek Ultrafesta antolatu dute martxoaren 23rako. Boluntarioen lana eskertu nahi badute ere, herritar guztiei zuzendutako egun osoko festa izango da.
Ehunmilak proiektuak 10 urte beteko ditu aurten eta festa giroan ospatu nahi dute Arrastakako antolatzaileek, Ehunmilak lasterketen parte garrantzitsu diren boluntarioekin eta herritarrekin. Martxoaren 23rako jarri dute festarako hitzordua, Beasainen, Ultrafesta antolatuta. Mikel Valdivielso antolatzailearen esanetan, «iaz ere bagenuen asmoa baina logistikoki ez geunden prestatuta. Aurten bai, posible izan da eta martxoaren 23rako antolatu dugu Ultrafesta».
Ultrafestaren karteleko irudiak azaltzen duen bezala, Ehunmilak probetako boluntarioak eskertu nahi dituzte: «Hainbeste urtean hainbeste jenderi zor dioguna, festa giroan itzultzea da helburua; denei eskerrak emateko, beraiek gabe ezin izango genuen lortu proiektu hau dagoen tokian egotea». Hala ere, garbi utzi du Valdivielsok, herritar guztiei irekia izango den festa izango dela.
Egun osoko festa
Ehunmilak erronkarekin hasiko da egun osoko festa, 07:00etan. 12 orduko erronka izango da: Ehunmilak Ultra-Traileko ibilbidea igarotzen den eskualdeetako kirolariak elkarren arteko erronka egingo dute. Ea nork lehenago Ehunmilak ultra traileko 168 kilometroak egin. Horretarako, Zubimuzu plazan korrika egiteko bost zinta jarriko dituzte. «Korrikalarien zinten desnibelak aldatzen joango dira ibilbideak dituen kilometroak egin arte». Talde bakoitza 15 lagunez osatuta egongo da, «horietatik gutxienez bost emakumezkoak izango dira».
Haurrak ere gogoan izan dituzte: 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako mendi ibilaldia antolatu dute Aizkorri elkarteko boluntarioen laguntzarekin, plazatik irten eta Sagastiguti, Muruazpi, Abarizketa, Korta, Olazar, Beatxurretatik barrena berriz ere plazara itzultzeko. Ibilaldian parte hartzeko ezinbestekoa izango da webgunean izena ematea, otsailaren 18tik martxoaren 18ra bitartean.
Jan-edanerako bi gune jarriko dituzte Eusko Labelarekin eta Euskal Sagardoarekin lortutako hitzarmenari esker, Bideluzen eta plaza azpian. Margo tailerra, antzerkia, buruhandiak, eta Pho-Bo eta Tximeleta musika taldeak ere izango dira.