Goierri Valley elkarteak talentuaren aldeko apustua egingo du
Bihar Beasaingo Igartzako jauregian egingo dute ‘Ilusion’ programaren barruko lehenengo saioa. Beste sei jardunaldietako lan ildoak finkatuko dituzte
Goierri Valley elkartea osatzen duten enpresek talentuaren aldeko apustua egin dute eta horretarako, Ilusion proiektua jarriko dute martxan. «Enpresetan ilusioa pizteko» helburua duen proiektu hori, elkartearen lehen urtean landutako Win&Win proiektutik sortutako ondorioa da. Goierri Valleyko kideen esanetan, «proiektu horren helburua, talentuari eusteko eta garapena bultzatzeko konpromisoaren kulturan oinarritutako proiektu erakargarriak lantzen ari diren enpresa sarea sortzea da».
Bihar arratsaldean Igartzan hasiko da proiektua. Zazpi saiok osatuko dute. «Lehenengo saio honetan talentuari eusteko funtsezkoak diren faktoreak definitu eta horietatik hiru lehenetsiko dira, ondorengo sei saioetan lan ildo horiek lantzeko».
Saio horietan elkarteko eta elkartetik kanpoko enpresen esperientzia eta praktika onak ezagutzeko aukera izango dute, «ondoren elkarteko enpresek aplikatu eta etorkizuna lantzen jarraitu ahal izateko.»
Goierri Valleyko enpresek landuko duten Ilusion proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren Gipuzkoan, enpresetan pertsonen partaidetza sustatzeko programaren bidez finantziatua izan da.