Heineken Ligako oilarretako bat hartuko du Ampok Altamira zelaian
Independiente Santander taldearen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak igandean Altamiran. Aurkari zaila badute ere, «taldea indartsu» dagoela dio Marotias entrenatzaileak.
Norgehiagoka garrantzitsuak ditu aurretik Ampo Ordiziak hurrengo bi asteburuetan. Altamira zelaian jokatuko dituzte biak eta hori alde izango dute. Asteburu honetan, igandean jokatuko dute, 12:00etan, Independiente Santanderren aurka. Datorrenean, berriz, Burgosko Ubu Colina izango dute aurrez aurre.
Pasa den asteburuko atsedenaldiaren ondoren, Heineken Ligako oilarretako bat izango dute Altamirako zelaian Ampo Ordiziako mutilek. Santaderreko Independiente sailkapen nagusian une honetan ordiziarren atzetik badago ere, errespetu handia sortzen duen taldea da.
Oraintxe, Ampo laugarren da sailkapenean, 44 punturekin. Independiente, berriz, seigarren dago, 35 punturekin. Santanderrekoen atzetik dago datorren asteburuan Altamiran izango den Ubu Colina, 34 punturekin.
Taldea indartsu
Ordiziarrek etxean jokatuko dituzten hurrengo bi jardunaldien aurretik, Iñigo Marotias entrenatzaileak une honetan taldea nola dagoen kontatu du: «Denboraldi hasieratik ederki ari gara entrenatzen, eta horrek eraman gaitu egun dugun laugarren postuan egotera. Taldea indartsu dago egoera horretan».
Asteburuko bisitariaren inguruan, «Independiente aurkari oso indartsua» dela adierazi entrenatzaileak. Azkeneko denboraldietan gainera, elkarren aurka jokatzea askotan tokatu zaie, izan ere, Play Offetan ere aurrez aurre izan diren bi talde dira. Hori horrela, Marotiasek eta bere mutilek ederki asko ezagutzen duten taldea da. «Santanderrekoen aurka, partida guztiak dira oso gogorrak eta emaitza estuekin amaitzen dira», nabarmendu du entrenatzaile ordiziarrak, eta oraingo honetan ere «berdintsu» izango dela uste du. «Azken minutuetan fresko egotea oso garrantzitsua» izango dela esan du, izan ere, «partida oso berdinduetan, azkeneko minutuetan erabaki ohi delako guztia».
Dena den, etxean jokatuko dute ordiziarrek eta hori lagungarri ere bada, Marotiasek berak aitortu duen moduan, «liga honetan etxetik kanpo jokatzea eta puntuak ateratzea ez delako erraza».
Aurkari konpentsatua
Santander azkeneko urteetan talde «nahiko konpentsatua» dela esan du Marotiasek. Puntu indartsua «aurrelariak» dira. «Lan asko ematen dute eta hiru laurdenetan aurrean ondo dabiltza, baina bajaren bat edo beste ere izan dute», azpimarratu du ordiziarrak.
Ampoko mutilek «filosofiari eta jokoari eutsiko» diote. Izan ere, orain arte horrek eman baitie garaipena.
Asteburura begira, bajaren bat edo besterekin salto egingo dute ordiziarrek zelaira. Iñaki Puyadena lanagatik kanpoan izango da. Horrez gain, momentuz ezin da konfirmatu zein izango den Altamirako zelaian lehian arituko diren jokalariak.