CAFeko langile batzordeak zuzendaritzari eskatu dio uko egiteko Jerusalemgo tranbia proiektuaren lizitazioari
Aho batez hartu du erabakia langile batzordeak, eta Israelek Palestinako lurralde okupatuetan duen politika salatzen du
“Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik”. CAFeko langile batzordeak hitz horiekin adierazi dio zuzendaritzari ez dutela Jerusalemgo tranbia linea berria egin nahi, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Beasaingo enpresa lan hori egiteko lizitazio prozesuan sartuta dago eta hortik ateratzeko eskatu diote langileek. “Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAFi”.
Langile batzordea aho batez tranbia linea hori egitearen kontra agertu da, eta argudiatu du Jerusalemek Palestinako lurrak desjabetuko dituela. Onartutako oharrean langile batzordeak dio edozein tranbia proiektuk Jerusalemen palestinarren legezko ordezkarien babesa izan beharkoa lukeela, eta kasu honetan ez duela babes hori. Nabarmentzen dute palestinarrek “erabat” baztertu dutela proiektua, eta lan hori egiteak Euskal Herrian zein mundu osoan gaitzespen sozial handia eragingo lukeela.
Langile batzordeak dio Israelgo gobernuak Jerusalemerako egin duen tranbia proiektuak nazioartean polemika handia piztu duela. “Proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako lurretan kolonoek modu esklusiboan erabiltzeko izango baita”.
Etika, legezkotasuna eta ondorio komertzialak du goi-buru langile batzordeak onartu duen oharrak, eta hor dio edozein tranbia proiektuk, baita Jerusalemgoak ere, nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubideak errespetatu beharko lituzteela. “NBEko segurtasun-batzordeak, osoko bilkurak zein Nazioarteko Justizia Gorteak, ebazpen ugariren bidez, aipatutako tranbia horrek zeharkatuko dituen lurraldeak okupatzearen aurka daudela adierazi izan dute”